Euskereak interneten daukan osasuna neurtzeko behatokia sortu dau PuntuEus Fundazinoak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 3a, 09:30

PuntuEus Fundazinoko zuzendari Josu Waliñok azaldu dauenez, sarritan esaten da euskereak osasun ona daukala interneten, baina ez dagoala baieztapen horri eusteko datu zehatzik. Horretarako sortu dabe PuntuEus Behatokia, baita .eus domeinuaren zabalkundea neurtzeko be. Ganera, domeinu horregaz, dagoeneko 4.500 webgune erregistrau dirala azaldu dau fundazinoak eta urtea amaitu baino lehen 5.000ra heldu nahi dabe.

Behatokiaren bidez jasotako lehenengo datuen arabera, domeinu nagusietan (.com, .es, .org eta abar) Euskal Herriko webguneen %17k erabilten dabe euskerea. Euskerazko edukinen bat daukie %88k. Zehazki, 16.000 webgune baino gehiago dagoz euskeraz.

Domeinuei jagokenez, .com eta .es dira Euskal Herrian nagusi, merkaduaren %77 hartzen dabe bien artean. Ganerako domeinuek zabalkunde txikia daukie. Esate baterako, .eus-ek %2koa, .info-ren pare. Halandabe, urtebete baino ez daroa martxan .eus domeinuak eta dagoeneko 4.500 domeinu-izen erregistrau ditue bertan.

Gipuzkoan dagoz .eus domeinudun webgune gehien eta, ondoren, Bizkaia dator. Aitatzekoa da .eus webguneen %10 Euskal Herritik kanpokoa dala.

PuntuEus Fundazinoak kanpainea martxan ipini dau, helburu garbi bategaz: Urtea amaitu orduko 5.000 domeinu-izen erregistrauta eukitea. Horretarako, 500 webgunek .eus-erako jauzia egitea behar dabe. Urtea amaitu arte, merkeagoa izango da .eus domeinuak eskuratzea. 5.000 baietz! izenburua ipini deutsie kanpaineari.

Osorik irakurri