Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzeak egindako eskariari kasu eginaz, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazinoak euskaldun barrien omenez izentau dabe txoko bana. Aldundiaren kasuan, Foru Jauregiaren atzeko iturriak eroango dau aurrerantzean euskaldun barrien izena. Azkue Fundazinoak Euskerearen Etxeko areto bat izentau dau modu horretara.
Patxi Baztarrika sailburordeak erakunde publiko guztiei eskatu eutsen txokoren bati euskaldun barrien omenezko izena emoteko. Izan be, aurtengo Euskerearen Nazinoarteko Egunean euskaldun barrien ahalegina eta ekarpena nabarmendu nahi dabe. Lekuan lekuko erakunde eta euskalgintzako alkarte batzuek egin daben moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazinoak deiari kasu egin deutsie.
Bilbon, Bizkaiko Foru Jauregiaren eta Foru Liburutegiaren artean dagoan kaletxuan, iturri bat dago. Orain arte izenik ez dau euki baina, aurrerantzean, Euskaldun Barria Gunea izango da. Iturria sinbolikoa dala dino Foru Aldundiak: Euskerearen emaria etenbakoa izateko, ezinbestekoak dira euskaldun barriak. Egindako ahaleginagaitik eskerrak emoteko sortu dabe Euskaldun Barrien Gunea, Foru Aldundiak azaldu dauenez.
Lauaxeta Sariak emoteko ekitaldiaren ostean egin dabe gunearen inaugurazino ofiziala, Bizkaiko kulturgintzako eta politikako ordezkariak bertan dagozala. Iturriak aurrerantzean euskaldun barrien omenezko izena eukiko dau eta plakea be ipini dabe alboan.
Beste alde batetik, Jaurlaritzearen eskariagaz bat egiteko, Azkue Fundazinoak Euskaldun Barrien Aretoa sortu dau. Erakundearen egoitzan, Bilboko San Inazio auzoko Euskerearen Etxean dago areto hori. Era askotako ekintzak egiteko moduko eremua da Euskaldun Barrien Aretoa: berbaldiak, mahai-inguruak, ikastaroak eta abar.
Euskaldun barriei autortzea egiteko ekimen honetan, erakunde publiko ugarik bat egin dabe, danen buru Jaurlaritzea eta HAKOBA dagozala. HAKOBA, hizkuntza politikarako herri administrazinoen koordinazino batzordea da. Bertan dagoz Jaurlaritzea, EUDEL eta erkidegoko aldundi eta udalak.