Ho Tzu Nyen artistearen 'Ezagutzen ez denaren hodeia' Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 3a, 09:02

2015eko abenduaren 3tik 2016ko apirilaren 24ra ikusgai egongo dan obrea aurkeztu dau gaur Guggenheim Bilbao Museoak: Ho Tzu Nyen-en Ezagutzen ez denaren hodeia (The Cloud of the Unknowing) artelana. 2014an inaugurautako Museoko Film & Video aretoak, bideo-arte, bideo-instalazino eta irudia mobimentuan darabilten lanei eskainitakoa, hartzen dauen seigarren instalazinoa da.

Ho Tzu Nyenek (Singapur, 1976), hodeiaren elementua aukeratu dau Hego-ekialdeko Asiaren sortzeari buruzko mitoak eta bertako historia geopolitikoa alkarren aurrez aurre jarteko. Ezagutzen ez denaren hodeia (2014) kanal anitzeko bideo-instalazinoa da eta ikuslea inguratu eta bideoen edukian sartzen dau. Hodei itxurabako eta igeskorraren irudikapena aztertzen dau Hok artelan honetan.

Bideoak, antzezpen testuinguru batean aurkeztua, zortzi istorio daukaz, eta Singapurreko babes ofizialeko pisuen etxadi batean jazoten dira, toki abandonatu eta xumean. Zortzi istoriotako bakotxak personaia bati erreparetan deutso; hodei etereo batek ezustean harrapatzen ditu personaia horreek, eta euren hurreko ingurunea estaltzen dau. Eszenek artearen historiako artelan adierazgarriei egiten deutse erreferentzia, Mendebaldeko maisuek egindakoak, adibidez, Caravaggio, Francisco de Zurbaran, Antonio da Correggio, Giovanni Lorenzo Bernini eta René Magritte; edota Ekialdekoek egindakoak, adibidez, Mi Fu eta Wen Zhengming txinatarrak.

Ezagutzen ez denaren hodeia 2011ko Veneziako Bienalean Singapurren ordezkari izateko sortu zan, eta izena XIV. mendearen bigarren erdian ingelesez idatzitako tratatu anonimo batetik jatorko. Literatura mistiko ingelesean eragin gehien izandako idazlanetako bat da, tradizino neoplatoniko kristinauan kokatua eta kontenplazinoko errezua helburu dauena. Instalazinoak, era berean, Théorie du nuage. Pour une histoire de la peinture (1972) liburua hartzen dau inspirazino-iturri, Hubert Damisch filosofo frantsesarena, eta hodeiaren ikonografiak artearen historian izandako garrantzia aztertzen dau, sinbologiara eta semiologiara salto eginez.

Instalazinoak soinu-banda bat dauka lagungarri, artisteak 200 bat abestitako musika-pasartetan oinarrituz aukeratutakoak, guztien letretan be hodeiak aitatzen dituenak. Artelana, berez, makina moduko bat da; artistearen eraginak eta aitzindariak nahastau eta birmoldatzen dituana, narrazino polisemikoa osotzeko.

Lau pantaila handik antzezpen moduko giro trinko batean sartzen dabe ikuslea, eta horrek areagotu egiten dau instalazinoak zentzumenetan ixten dauen arrastoa. Veneziako Bienaleko artelan honen aurkezpenean, Ho Tzu Nyenek ke-makinak erabili zituan artelanak zentzumenetan daukan oihartzuna nabarmentzeko. Artistearen helburua hodeiaren ikonografia traszendentziaren eta espiritualtasunaren metaforatzat hartzea da eta, aldi berean, ikusizko zein soinuzko erreferentzia ugari ekartea, ikusle bakotxak bere zentzumenezko esperientzia izan daian.


Ho Tzu Nyen

Ho Tzu Nyen Arte Ederretan lizentziatu zen 2001ean Melbourneko Victorial College of Arts-en, Australian, eta Hego-ekialdeko Asiako ikasketei buruzko masterra amaitu eban National University of Singapor-en (2007). Zineman, bideoan eta performancean lan egin dau batez be eta, oraindino be, girodun multimedia-instalazinoakaz esperimentetan dau. Bere artelanetan, artisteak mito epikoen egiturak bere egiten ditu, eta diskursoko tresna bihurtzen ditu bere lanean.
 

Osorik irakurri