Kulturea zabaltzeko modu barriak topau eta euskerearen erabilerea bultzatzeko asmoz eratu dabe, bigarren aldiz, Areago, istorioak belarrietara lehiaketea. Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak egin dau deialdia eta istorioak bertan kokatuta egon beharko dira. Urtarrilaren 15era arteko epea dago istorio laburrak aurkezteko.
Igartubeiti Baserri Museoak euskal baserriaren historia, bizimodua eta garapena erakusten ditu, bertoko ondarea eta tradizinoak zabaltzeko helburuagaz. 2011n sortu eben Areago programea, sorkuntzea eta ondarea batzeko. Horren barruan eratu dabe, aurten bigarrenez, Areago, istorioak belarrietara lehiaketea.
Lehiaketan, 18 urtetik gorako edonork parte hartu leike. Euskerazko kontakizunak izango dira, Igartubeiti baserrian kokatutakoak. Orrialde bat eta hiru bitarteko istorioak onartuko ditue. Modu berezian balorauko dan ezaugarri bat izango da, istorio hori gero soinu bidez kontetako egokia izatea. Era berean, originaltasuna, kalidadea eta sormena kontuan hartuko dira.
2016ko urtarrilaren 15era arteko epea dago idazlanak entregetako. Urtarril amaieran emongo dabe sarituen barri. Irabazleak 600 euro lortuko ditu eta bigarren sailkatuak, 400. Igartubeiti Baserri Museoaren asmoa da, lehiaketan jasotako istorio batzuk bisitaldi-programarako egokitzea. Era berean, lehenengo edizinoan eta aurtengo honetan batutako kontakizunak argitalpen baten batu nahi ditue.