Jose Mari Goenaga ('Loreak'): 'Hamar urte behar izan dodaz zinematik biziteko gai nazala sinisteko'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 7a, 00:00

Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zinemaileak Irudienea gunean izan dira, solasaldi baten. Oscarretarako lehian dan Loreak filmaren arrakastearen atzekoak kontau ditue, urte luzetako lana egin dabelako biek. Goenaga eta Garaño Sarobe zinema-eskolan ezagutu ziran eta proiektu ugaritan ibili dira alkarregaz.

Saroben alkar ezagutu eban taldetxu batek sortu eban, hain zuzen, Moriarti produkzino-etxea. Hasikeran hiru film labur egin genduzan, probetako, horreetako bat sekula be ez dogu erakutsi, ordenadorea apurtu eta galdu egin zalako, gogoratu dau, umoretsu, Jon Garañok. Laugarrenerako, diru apur bat inbertidutea erabagi eben, Marivi Bilbao lako aktoreakaz lan egiteko.

Lokal bat be alokatu genduan, hor hasi ginan sentiduten zeozer serioa egin beharreko presinoa, dino Goenagak. Kobrau be ez eben egiten lehenengo urteetan. Produktora handietarako lanak eta geure egitasmoak tartekatzen genduzan. Denporeagaz, euren proiektuetatik bizitera heldu dira.

Jose Mari Goenagak azaldu dauenez, zinemagintzea ez da lanbide egonkorra eta  publikoaren ezagutzea eta erakundeen babesa lortu arte ez ekian horretatik bizi ahal izango ebanik be. Hamar urte behar izan nituan honetaz biziteko gai nintzala sinisteko. Moriartiko kideek lortu daben ibilbidea danen arteko alkarlanari esker izan dala adierazo dabe bien.

Film luzeak egiteaz batera, film laburrak eta dokumentalak egiten ditue. Gero eta errazagoa da film labur eta dokumentalak egitea, baina gero eta gatxagoa da eurok zabaldu eta etekina ataratea, ohartarazo dau Garañok. Lehia handia dago telebisten programazinoan sartzeko. Kimuak programeak mesede handia egiten dauela ziurtau dabe zuzendari biek.

Loreak filmagaz arrakastea lortzen dabilz Garaño eta  Goenaga, baina beti ez da holan izaten: Badaukaguz proiektu politak, baina ezin doguz atara eta gero eta esperantza gitxiago daukagu. Izan be, baliabideak ez dira beti lortzen. Ganera, Loreak filmak denpora handia kendu deutse, jaialdirik jaialdi dabilen ezkero.

Bitxikeria legez, Goenagak eta Garañok gogoratu eragin dabe Irudienean hiru urtez segiduan egon dirala: Orain dala urte  bi, Loreak proiektua aurkezten; igaz, proiektetan; eta aurten, Oscarretarako lehian dagozalako. Datorren urtean barriro egon nahi dabe Durangoko Azokan, baina beste proiektu bat aurkezten.

Osorik irakurri