Sagardotegia omen zan lanak irabazi dau Kordobako Unibersidadeak antolatu dauen lehiaketearen bosgarren edizinoa. Onintza Etxebesteren Sagardotegia omen zan, María Lópezen Enlatados eta Beatriz Hohenleiterren Agosto izan dira irabazleak, dokumentala, fikzinoa eta bideo-artea sailetan, hurranez hurran, Kordobako Unibersidadearen (UCO) Suroscopia ikus-entzunezko proiektuaren bosgarren edizinoan.
UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeko Arteko Graduko ikaslea dan Onintza Etxebesteren Gradu Amaierako Lanak (GRAL) 1869ko jazoera bat dau oinarri: Ardotx eta Larraburu bertsolarien arteko norgehiagoka Mikelentxone sagardotegian (Oiartzun). Ardotx bigarren geratu zan eta handik alde egitea erabagi eban; etxean ezkutatu eta Larraburu han agertu zanean, Ardotxen harrikadea jaso eban buruan eta hortik aurrera Larraburu ez zan izan ordura artekoa. Ardotxi parkatzen eutsola bertsotan esan eutson Larraburuk eta istorio hau ahoz aho transmitidu da, belaunaldiz belaunaldi. Etxebesteren dokumentalak jazoera horren gomutea berreskuratu nahi izan dau, eta baita identidadea osotzen daben transmisinoa eta kultura kolektiboaren inguruko hausnarketea bultzatu.
Onintza Etxebesteren filman, jon Martin eta Alaia Martin entzungo doguz bertsotan.
Epaimahaia honako honeek osotu dabe: Albert Serra zinemagilea (Honor de cavalleria, El cant del ocells, Història de la meva mort); Pablo Rabasco, UCOko Kultura zuzendaria; Antonio Navarro Cruz, Andaluziako Filmotekako programazinoaren arduraduna; Ana Melendo Cruz, UCOko irakaslea; Mario Jacob dokumentalistea; Fermín Marrodán, bideo-artistea; eta Daniel Mantero, Huelvako Unibersidadeko Kultura teknikaria.
Hiru lan saridunak, Suroscopia, Andaluziako Ikus-entzunezkoen Fundazinoak urtero antolatzen dauen Andaluziako Ikus-entzunezkoen Erakustaldiaren webgunean ikus daitekez, bai saridunak zein ganerako parte-hartzaileak be (Espainia osotik eta baita Uruguayko Errepublikako Unibersidadetik heldutako 87 lan).