Maiatzean hasitako bideari amaierea emongo deutso abenduaren 19ko finalak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 10a, 00:00

Udabarrian Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea jokatu ondoren, irailaren 20an abiatu zan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea, 43 bertsolarigaz. Hiru hilebetez, 14 saio izan dira Gipuzkoan barrena eta azkenean zortzi dira finalera heltzea lortu daben bertsolariak.

Gaurko aurkezpenean finalaren inguruko zehetasunak emon ditue Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Alkarteko lehendakariak, eta Edurne Soraluzek, Alkarteko koordinatzaileak. Eurekaz batera izan dira Ilunbeko finalean kantauko daben zortzi bertsolariak.

Jauregik adierazo dau abenduaren 19ko finala, hitzordua bera inportantea dala, baina nabarmendu nahi izan dau Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea hori baino askoz gehiago dala. Urrun samar gelditzen da, baina maiatzaren zazpian Gipuzkoa Bertsotan jarri genduan martxan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapena fasea. Orduan 74 bertsolarik hasi eben bide hori hurrengo astean ikusiko dogun finalaren beste hari muturra da. Hari mutur luze, fin, baina sendo bategaz lotuta dagoz.

Horrezaz gan, Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak txapeldunari txapela jantziko deutsola jakinarazo dau Gipuzkoako Bertsolari Alkarteko lehendakariak, plazea ukatu jakon emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari legez.

Azkenik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea posible egin dabenei eskerrona adierazo deutsie antolatzaileek. Finalean, Donostiako Udala, Donostiako Bertso Eskolea eta Euskal Herriko beste hamaika Bertso eskola. Horrezaz gan, Txapelketeari babesa emon deutsien erakunde eta enpresak be aitatu ditue: Gipuzkoako Aldundia, Kutxa Fundazinoa, Getariako Txakolina eta Gipuzkoako Sagardogileen Alkartea, zein tokian tokiko udalak eta bertso eskolak.
 

Finala

- Abenduaren 19an jokatuko da Ilunben, arratsaldeko 17:00etan hasita.

- Parte-hartzaileak: Zortzi bertsolari: Agin Laburu (Astigarraga, 1985), Alaia Martin (Oiartzun, 1987), Arkaitz Oiartzabal (Oiartzun, 1985), Beñat Gaztelumendi (Donostia, 1987), Iñaki Apalategi (Beasain, 1982), Jon Maia (Urretxu, 1972), Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) eta Unai Agirre (Hernani, 1975).

- Aurkezle bi: Saroi Jauregi eta Ion Zaldua.

- Sei epaile: Eneritz Azkue, Elisa Iztueta, Maite Sukia, Zigor Leunda, Bakarne Urreaga eta Mikel Lersundi.

- Hiru idazkari: Joxe Mari Altuna, Ane Errazkin eta Gorka Segurola.

- 100 lagun inguru egongo dira lanean.


Inaxi Etxabe

1933an Oikian (Zumaia) jaioa, gaur egun Zarautzen bizi da. Etxe giroan sortu jakon bertsozaletasuna, eta gazte-gaztetatik hasi zan bertsoak egiten. 50eko hamarkadan sari batzuk irabazi zituan. Halan da be, garaiko bertsolari emakumeen moduan, bertso jarduerea ezin izan eban plazetara eroan, gizonezkoen eremua zalako. Urte asko pasau ziran Etxabe plazan kantetako aukerea izan arte.

Ezaguna da Inaxi Etxabek Basarrigaz izan zituan tirabirak; Basarrik Aitonaren malkoek izeneko bertsoak idatzi zituan, eta Etxaberi emakumeen inguruan esaten zituanak ez jakozan bape gustau. Hari erantzunez, bertso batzuk egin eutsozan Basarriri.

Kontuak kontu, plazea ukatu jaken bertsolari emakumeen belaunaldi oso baten ordezkari legez, 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela jarriko deutso Inaxi Etxabek.

Osorik irakurri