Ume eta gaztetxuentzako jarduera ludikoak eskainiko ditu Gabonak Arte ekimenak, aurreko urteetan egin dauen legez, Bilboko Azkuna Zentroan. Gabonetako oporraldian izango dira ekintza guztiak. Irrati-tailerra, antzerkia, jantzak, kontakizunak eta abar dagoz egitarauan. Jardueretan doban edo prezio murriztuan parte hartu ahal izango da.
Ume eta familiei Gabonetan astialdirako aukera zabala eskaintzeko asmoz sortu da Gabonak Arte. Egitarau oparoa preparau dabe aurtengoan be, edade guztietako umeentzako eskaintzea osotu ahal izateko. Zehatz esanda, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2an eta 3an egongo dira jarduerak, Azkuna Zentroan bertan, goiz eta arratsaldeko saioetan.
Ikusle huts ez eze, umeak parte-hartzaile aktibo eta sortzaile izatea be bilatzen da Gabonak Arten. Alkarlana eta errespetua moduko baloreak bultzatu nahi dira, ikuspegi ez-sexita batetik. Era berean, umeen jakin-mina handitu nahi da, ingurune ludiko eta sortzailea eratuaz.
Gabonak Arteko programazinoaren barruan, Bilbon estreinaldiak diran hiru ikuskizun egongo dira: Jokin Oregiren Max Txikia txotxongilo-antzerkia, Nacho Diagoren La caja magica eta Baychimo Teatroren Pinxit ikus-entzunezko saioa.
Beste alde batetik, ume eta familiei zuzendutako tailerrak egongo dira. Esate baterako, irratigintzea ezagutzeko bat. Magia, musikea eta ipuin-kontalariak be egongo dira, literaturea eta jantzea ahaztu barik. Programa osoa hemen konsultau leiteke.
Ekintzetan parte hartzea ez da garestia izango. Jarduera batzuk dobakoak dira eta ganerakoetara gitxi ordainduta sartu ahal izango da. Ganera, AZ txartela daukienek deskontuak lortuko ditue. Dana dala, Azkuna Zentroak ohartarazo dau, aurretiaz izena emotea komenidu dala, leku barik ez geratzeko.