Txistua, modernizetako bidean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 14a, 00:00

Akustikearen arloko aurrerapen zientifikoak —bereziki, musikearen akustikakoak—, eta grabazino-tresnetako eta euren bidez lortutako datuak aztertzeko azken aurrerapen teknologikoak erabili ditu UPV/EHUko Bilboko Injinerutzako Goi Eskola Teknikoko Akustika ikerketa-taldeak, euskal folkloreko haize-instrumentuen akustikea ikertzeko. Asier Agos Esparza ikertzailearen Función acústica del txistu y su familia instrumental doktore-tesian islatu da ikerketa-lana, eta Juan Crisóstomo de Arriaga Bilboko Musika Konserbatorioagaz lankidetzan gauzatu da ikerketea.

Ikerketearen helburua izan da txistuaren eta haren familiako instrumentuen ezaugarriak zehaztea, soinua zelan sortzen eta zabaltzen dan zientifikoki azaltzeko —azaldu dau ikertzaileak—, instrumentuaren akustikan ze parametrok eragiten daben eta zelan eragiten daben ikusteko, eta txistuaren akustikea optimizetako parametro horreek doitzen saiatzeko.

Erabili daben metodologiaren arabera, txistuen eta haren familiako musika-tresnen ezaugarriak aztertzen dira, geometria jakin bategaz. Ondoren, instrumentuen propiedade horreek era kontrolau batean aldatzen dira, eta aztertzen da ia zer eragin daben instrumentuaren azken soinuan. Aztertutako aldagai horreek aldatzeak aldakuntza atzeraezinak eragiten dituenean musika-tresnan (esate baterako, hodiaren diametroa aldatzea), aztertu nahi diran ezaugarriak dituen txistu barriak eregi dira.

Jakintza-alor asko ukitzen dituan lana izan da, eta arazoari hainbat ikuspegitatik heldu jako. Musikariak sartzen dauen airearen eta instrumentuaren barruan dagoan airearen arteko alkarrekintzea dagoanean hodiaren barruan sortzen diran uhin geldikorrakaz lotutako ezagutza teorikoa aplikau dogu —azaldu dau Agosek—. Musika-tresnearen eraikuntza-prozesua aztertu, eta hainbat ezaugarri desbardin dituen txistuak sortu doguz. Instrumentu horreek guztiak aztertu doguz musikarien laguntzinioagaz, eta putz egiteko makina bat erabili dogu, neurketetatik giza faktorea ezabatzeko. Bestalde, software bat sortu dabe instrumentu horreek eragiten daben musikearen propiedade fisiko eta psikoakustikoak kalkuletako.


Hodiaren barruko geometria aldatzea

Ikertzaileen helburua izan da txistu afinatuago bat lortzea, eta, horretarako, hodiaren barruko aldea aldatu dabe. Agosek azaldu dauenez, txistu tradizionala joten dogunean, txistuaren zuloak erabat edegiz edo zarratuz, lortzen dan afinazinoa asko aldentzen da piano baten afinazinotik. Afinazinoa hobetzeko, txistulariek txistuaren zuloak zeozertxu edegiz edo zarratuz zuzentzen ditue notak. Edozelan be, hodia aldatzen badogu, lortu daiteke pianoaren afinazinotik hurrago dagoan afinazinoko txistu bat.

Txistu tradizional batek eta prototipo barriak sortutako datuak batu, aztertu eta alderatu egin ditue ikertzaileek. Txistu-prototipo barriaren barruko hodiaren formea ez da erabat zilindrikoa txistu tradizionalean lez. Gainera, zuloen kokapena, neurria eta altuerea be aldatu egin dira. Horren guztiaren analisiak erakutsi dau bi txistuen artean afinazino-alde handiak dagozala.

Ikertzailearen eretxiz, lagungarri izango da jotzaileek eskatzen dituen aldaketak eraikuntza-prozesuan txertatzeko, eta, holan, asko aurreratuko da txistularik eta entzuleen gustuko ezaugarri akustikoak dituan musika-tresna bat lortzeko bidean.


Asier Agos Esparza (Iruñea, 1979)

Fisikan lizentziaduna eta injineru elektronikoa da. Función acústica del txistu y su familia instrumental izenburuko doktore-tesia egin dau Maria Jesus Elejalde eta Erica Machoren zuzendaritzapean, UPV/EHUko Bilboko Injinerutzako Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatua I saileko Akustika ikerketa-taldean. Juan Crisóstomo de Arriaga Bilboko Musika Konserbatorioko Aitor Amilibia eta Iñaki Imatzekin lankidetzan egin da ikerketea, luzaro ibili baitira biak txistuaren hodiaren geometria lantzen.

Osorik irakurri