Jantza tradizionalak erakutsi eta jantzan gozarazoteko estilo barri bat dakarren Aiko musikari eta jantza-maisuen kolektiboak erakustaldi-tailerra antolatuko dau lehenengo aldiz Gasteizen, abenduaren 15ean. Hamar urteko ibilbidean 4.000 lagun baino gehiago batu dituen ehunka ikastaro, tailer eta erromeria antolatuta, talde honek jantzan ikasi eta praktiketako beste modu aurrerakoiago, errazago eta jostagarriago bat defendiduten dau, gozamenari lehentasuna emonez pasodoblea, jotea, polkea, porrua, mazurkea, txotisa eta jauziak lako betidaniko plazako jantzetan sartzean.
Aiko taldearen jantza tailer barritzaile hau martitzenean egingo da, abenduak 15, 18:00etatik aurrera, UPV/EHUren Arabako Campuseko Unibersidadeko Pabilioian. Musika eta jantza tradizionalak unibersidade giroan sustatzeko Aiko taldeagaz sinatu barri dauen lankidetza-hitzarmenari esker gauzatuko da ekimen hau. Tailerra, komunidade unibersitarioarentzat ez eze, publiko orokorrarentzat be zabalik egongo da, eta ondorioz, aukera parebakoa eskainiko deutse jantza tradizionalak ikasi nahi dituen guztiei, Aiko taldearen metodo naturalagoa, lasaiagoa eta jostagarriagoa probau deien, jantzan ikasteko beste era bat.
Tailerra, UPV/EHUren Arabako Campusak 2012an, Unibersidadean euskerea sustatzeko asmoz abiarazo eban EHUskARABAnda izeneko ekimenaren barruan programau da. Sabin Bikandi Aikokoo musikari eta jantza-maisua arduratuko da eskolak emoteaz. Etnomusikologian doktorau zan Londresko Unibersidadean, eta aurten, ikuskizun eszenikorako musika-konposizino onenaren Max Sari preziatua eskuratu dau. Euskal jantza tradizionalak ikertzeaz gan, Bikandik musika konposatu eta musika-moldaketak egiten ditu, eta bere lanetan, era guztietako doinuak topau daitekez txisturako musikeari jagokonez. Goi mailako musika irakaslea izanik, hainbat irakaskuntza-zentrotan lan egin dau, eta musikari lez, Axlor taldeko kidea, Bilboko Udal Bandako tanbolin-jolea eta Aiko taldearen sortzailekidea izan da.
Aiko taldeak Arabako uriburuan egingo dauen lehenengo esperientzia didaktiko honek jarraipena izango dau datorren urteko zezeiletik aurrera Dantzaldi Ibiltaria ikastaro iraunkorraren eskutik. Aiko taldeak Bilboko Bizkaia Aretoan be eskaintzen dau ikastaro hau, hau da, UPV/EHUren Abandoibarrako paraninfoan. Gauzak holan dirala, 2016an, zezeiletik bagilera bitarteko eguenetan, prestakuntza-ekintza hau Arabako Campusean be antolatuko da (90 minutuko asteko eskolak), interesauta dagozan persona guztiek hastapen mailan (18:00etan) nahiz maila aurreratuan (19:30ean) trebatzeko aukerea izan deien. Ekimena jente guztiarentzat zabalik dago, baina UPV/EHUgazko loturea dabenek eta 30 urtetik beherakoek prezio bereziak izango ditue matrikuletan.
Izena emoteko eskoletan bertan edo: bulegoa@aikotaldea.eus / tel.: 634 423 539. Lehen kontaktua izan nahi dabenentzat, eskolak dobakoak izango dira zezeilean, eta ikastaro osorako matrikulea horren ondotik egin ahal izango dabe. Izena emoteko epea zabalik dago honezkero.
Aiko taldearen Dantzaldi Ibiltaria, Kutxabanken babespean, Bizkaia Aretoan (Bilbo) ez eze, Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Markinan, Gernikan, Galdakaon eta Berastegin dago gozagarri. Orain, UPV/EHUgaz sinatutako lankidetza-hitzarmen honi esker, Arabako uriburua gehitu jake.
Kontuak kontu, hauxe da Aiko taldeak unibersidadeagaz sinatu dauen bigarren hitzarmena, igaz UPV/EHUren Bizkaiko campusagaz izenpetu eta parte-hartze arrakasta handia ekarri dauen itunaren ondoren. Ekimen honi esker, hainbat tailer, mintegi eta erromeria antolatu dira Bizkaia Aretoan. Horreen artean, 6 urte arteko umeei zuzendutako familia giroko Kulunkaz jantza-tailerra nabarmendu daiteke, baita musikarien artean jantza-errepertorioa zabaltzea helburu daben ikastaroak edota beste autonomia-erkidegoetako jantza-maisuen laguntzaz jotea ulertzeko era desbardinak alkartu dituan Jotalariak izeneko ekimena be, besteak beste.
Ganera, taldearen jarduerea ez da zuzeneko emonaldietara mugatu, jantzan egiteko musieka batzen daben 10 disko argitaratu baititu, herri-kulturearen ondarea ikertu eta ezagutzera emoteko ekimenetan be parte hartuz, besteak beste, Fasioren Mendea (Bonifazio Arandia musikari arratiarraren bizitza eta obreari buruzko ikerketa-lan sakona) edota Urraska-Dantza jauziak Sagasetaren bidetik (jauziak izeneko jantzen errepertorio osoari buruzko multimedia-bildumea).