Galdera biko inkestea 554 personak erantzun dabe eta, ganera, gehienak bat datoz Patxi Saezek egindako proposamenakaz. Euskaltzaindiak datozan urteetako euskerearen bizibarritzerako estrategiaren gidaritzea hartu behar dauela uste dabe inkestea bete dabenen %82k eta Akademiaren mendeurrenean, 2018an, horri buruzko biltzar handia antolatu beharko litzatekeela uste dabe ia %85ek. Galdera bien erantzun posibe bakarrak bai eta ez izan dira.
Patxi Saez soziolinguista eta Azpeitiko Euskerearen Patronatuko zuzendariak gogoeta sakona plazaratu eban orain dala hile batzuk, eta Euskaltzaindiari eskatu eutsan datozan urteetarako estrategiaren aginte makilea hartzeko. Euskaldunek bere moduan pentsetan ete daben jakiteko, euskalgintzako persona ezagunei eretxia eskatu eutsen Saezek eta, bestetik, inkestea plazaratu eban nahi eben euskaldun guztiek erantzuteko. Inkesta horren emoitzak ezagutzera emon ditu: 554 erantzun jaso ditu guztira.
Lehenengo galderea honako hau izan da: Euskaltzaindiak orain 50 urte Euskerearen Batasuna egiteko aginte makila hartu eban moduan, gaur egun, hurrengo 25-30 urteetara begira, Euskerearen Gizarte Erabilera bideratzeko gidaritzea hartu behar dau. Horren alde agertu dira 451 lagun, hau da, inkestea bete dabenen %82,8. Ganerakoak kontra egon dira.
Bigarren galderea hau izan da: Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, 1968an, egin zan euskerea batzeko Arantzazuko Biltzar Nagusia. Euskaltzaindiak, laster, 100 urte beteko ditu. Euskerearen erabilerea bultzatzeko aro barriari Euskaltzaindiak 2018an egingo leukeen Mendeurreneko Biltzar Nagusiak emongo deutso hasikerea. Hor, Euskerearen Gizarte Erabilerarako datozan 25-30 urteotako oinarriak eta estrategiak finkatuko dira. Proposamen horrek 462 baiezko (%84,6) jaso ditu.
Galdera biak bai edo ez erantzuteko moduan baino ez ditu ipini Saezek, bestelako zehaztapenik ezin egiteko moduan. Erabiltzaile batzuek hori leporatu deutsie. Beste batzuk, Euskaltzaindiaren gidaritzearen kontra agertu dira eta inkestaz aparteko mezuetan euren arrazoien barri emon deutsie Saezi. Esate baterako, batek dino Euskaltzaindia prozesu horretako partaide izan beharko litzatekeela, baina ez bultzatzaile. Beste batzuek, hain zuzen, hausnarketea eskatzen dabe prozesua nork gidatu behar dauen erabagiteko, pausu gehiago egin aurretik.
Aldeko mezuak be jaso ditu Patxi Saezek, inkestearen harira. Euskaldun batzuen ustez, ordua da gaiari heltzeko eta Euskaltzaindiak eginkizun hori bete behar dau. Akademiak berak be gogo onez hartu dau proposamena eta eskatutako gidari lana egiteari ekin deutso. Holan, mintegia egingo da 2016ko zezeilean, euskerearen bizibarritzearen datozan urteetako erronkei buruz.