Datorren urteetarako jarraibide nagusiak zehaztuta geratu dira Patronatuak Bilbon egindako batzarrean. Holan, erakunde publikoek ez dabe aurten baino diru gehiago emon beharko Guggenheim Museoaren aurrekonturako. Sarreren prezioa, ostera, garestitu egingo da. Arte-programazinoari jagokonez, museoko espazioen banaketa estrategiko barria onartu da.
Patronatuaren batzarrean, kulturearen eta politikearen munduko ordezkari gorenak batu dira. Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da buru, Patronatuko presidentea dan ezkero. Cristina Uriarte Kultura sailburua be izan da batzarrean. Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari, Unai Rementeria Ahaldun Nagusia eta Lorea Bilbao Kultura diputadua egon dira. Richard Armstrong Guggenheim Fundazinoaren arduraduna eta Juan Ignacio Vidarte Bilboko museoaren zuzendaria be ez dira faltau.
Lehenik eta behin, 2015aren balorazinoa egin dabe batzarrean. Aurtengo udea inozko oparoena izan da Bilboko Guggenheimentzat bisitarien partetik eta, urte osoa aintzat hartuta be, jentetsua izaten dabil: Abenduaren 13ra arte, 1.059.000 bisitari pasautxu jaso ditu museoak.
Era berean, 2015-2017 plan estrategikoaren barruan, Guggenheim Bilbao museoko kode etikoa idatzi da eta Patronatuaren batzarrean onartu egin dabe. Gardentasuna, integrazinoa, zintzotasuna eta abar jasoten ditu kodeak. Bestetik, 2016ko aurrekontua onartu dabe Patronatuko kideek. Erakunde publikoek aurtengoaren pareko ekarpena egingo dabe eta prezioak igon egingo ditue urtarrilaren 1ean, zazpi urtez bere horretan mantenidu eta gero.
Arteari be begiratu deutso Patronatuak. Holan, museoko espazioen banaketa estrategiko barria abian ipini dabe. Hirugarren pisuan gaur eguneko artearen oinarriak jasoko dira, bilduma iraunkorragaz batera; bigarrenean, aldi baterako erakusketa handiak ipiniko dira; eta lehenengoan, gaur eguneko artearen zertzeladak jasoko dira.
2016an era askotako erakusketak hartuko ditu Bilboko Guggenheim Museoak. Parisko Eskoleari buruzko erakusketea egongo da udabarrian hirugarren pisuan eta, horren ostean, Hermann eta Margrit Rupf-en lanak ikusi ahal izango dira. Bigarren pisuan, Louise Bourgeois-en Gelak saila, Francis Bacon eta abar egongo dira 2016an. Amaitzeko, beheko pisuan, artista ugariren piezak egongo dira, tartean Andy Warholenak.
Ganera, 2017ko programazinoaren aurrerapen batzuk be jakitera emon ditue Patronatuaren batzarrean. George Baselitz-en eta Espresionismo Abstraktuaren inguruko erakusketak preparetan dabilz.