Ricky Dávila bilbotarraren 'Iberica' proiektua Bilboko Bizkaia Aretoan ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 14a, 00:00

Iberica proiektuagaz, Ricky Dávilak bere begiradearen eta kamerearen bidez fotografiau dau bizitea, bidaia bat balitz lez. 2007tik abian da proiektua, eta argazkietako batzuk erakutsiak ditue Perun, Kolonbian, Ekuadorren eta Frantzian. Bilbon, barriz, ez ditue erakutsi orain arte, eta Cuencatik heldu barri dira, zurezko kutxatan; tintaz idatzitako letra handiek azaltzen dabe euren edukia, artisteak argazkietan jaso dituan arpegiak, beren horretan.

Fikzinoaren lurralde edo errealidade baten agertoki, Iberica gaur egungo gizarte peninsularra inbentariatu nahi dauen argazki proiektu bat da. Bizitearen espazio baten kartografia da eta lerro nagusiak bere protagonisten erretratuek marrazten ditue. Egilea gizarte lehiatsu eta aldakor baten lekuko da, eta alkarregaz buztartu ditu deskripzinoa eta metaforea, informazinoa batzeko asmoa eta alderdi artistikoa. Hori guztia, estereotipoak ebitetan dituen eta gutako bakotxaren nortasunean sakontzen daben erretratuez osotutako poema bisual zabal batean (Antonio Soler, Cuencako argazki erakusketako komisarioa).

Kontuak kontu, abenduaren 15etik 2016ko urtarrilaren 29ra bitartean, Iberica proiektuko argazkiak ikusgai egongo dira UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, EHUKultura programazinoaren barruan.


Ricky Dávila (Bilbo, 1964)

UPV/EHUn Biologia ikasi ondoren, 1990ean gradua lortu eban New Yorkeko ICP International Center of Photography zentroan (AEB). 90eko urteetan, erreportajearen alorrean jardun eban. Espainian eta Espainiatik kanpo argitaratu zituan lanak, eta zenbait sari be irabazi ditu: Fotopress, World Press Photo, Ortega y Gasset. Azken hamarkada honetan, batez be argazki liburuakaz eta erakusketakaz dabil. Bost liburu idatzi ditu (Retratos, Manila, Ibérica, Nubes eta Todas las cosas del mundo), eta banakako hogei bat erakusketa aurkeztu.

Gaur egun Bilboko Argazkigintza Garaikidearen Zentroko zuzendaria da.
 

Osorik irakurri