Zezeilaren 22tik 29ra egingo da Zinegoak jaialdiaren hurrengo edizinoa

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 17a, 00:00

LGTB gaiak lantzen dituan Zinegoak zinema jaialdiaren datak aldatzea erabagi dabe Hegoak alkarte antolatzaileko kideek. Berlinaleko Teddy Award sariaren oihartzunagaz bat egiteko asmoz, 2016ko zezeilaren 22tik 29ra egingo dabe hurrengo edizinoa, hau da, ohi baino hilabete geroago. Afektu aniztasunagaz, sexu nortasunagaz eta genero begiradeagaz lotutako jarduera ugari be egongo dira Bilbon Zinegoakegaz batera.

2016an 13. edizinoa beteko dau Zinegoak, Bilboko LGTB zinemaldiak. Orain arte, urtarril bueltan egin izan da baina oraingoan zezeilaren 22tik 29ra izango da. LGTB zinemako ekitaldirik garrantzitsuena dan Teddy Award saria emoten da horreetan egunetan, Alemaniako uriburuko Berlinale jaialdi entzutetsuaren barruan. Horregaz bat egin nahian erabagi dabe fetxak aldatzea. Ganera, Gabonetako zoramenetik urruntxuago ipini nahi izan dabe Zinegoak. Aurrerantzean, urtero zezeil amaieran ospatuko da, beraz, Zinegoak, Hegoak taldetik aurreratu dabenez.

LGTB gaietako zinemagintzako egile, artista eta programatzaile ezagunak Bilbora ekarri nahi ditu Zinegoakek, Berlinaleren bultzadea aprobetxauta. Horrezaz gan, jakina, LGTB gaiak lantzen dituen film ugari ikusi ahal izango dira Bilbon, urtero legez. Programazino zehatzaren barri urtarrilean emongo dabela agindu dau Hegoak alkarteak.

Publiko gero eta zabalago bat lortzeko asmoz, Zinegoaken 13. edizinoak sekula baino egoitza gehiago eukiko ditu. Bilborock, Golem zinemak eta Bilbao Arteko egoitza ofizialei Bilboko beste hamar gune gehituko jakez: FNAC eztabaida zinematografikoetarako, antzerkia eta jantzea La Fundicionen, film klasikoak BBK Salan, autore-zinemea FAS klubean eta abar. Ganera, ume eta familientzako programa berezia egongo da Azkuna Zentroan.

Hori gitxi ez eta, martian, Zinegoak amaitu eta gero, Euskal Herriko beste 30 herritan be ikusi ahal izango dira jaialdiko film batzuk, Zinegoak Hedapena egitasmoaren barruan. Holan, Zinegoaken mezua Bilbotik harago eroango dabe. Pau Guillen jaialdiko zuzendariak azaldu dauenez, Zinegoaken helburuak dira, sensibilizazino tresnea izatea, sexu aniztasunaren gaietan eztabaidarako gunea sortzea eta astialdirako aukerea eskaintzea.

Osorik irakurri