Berbaro alkarteak antolatu dauen Ipuin Laburren II. Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin eben bart Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Ixone Aromak irakurritako testuak emon eutson hasierea ekitaldiari. Ondoren, sari banaketako aurkezle Nerea Unzaluk danetara 400 ipuin labur inguru jaso dituela azaldu eban. Joxe Rojas, Jon Ander Urkiaga eta Ander Azpitarte izan dira hiru mailetako irabazleak.
Durangaldeko hiru sortzailek osotu dabe aurtengo epaimahaia: Irati Eguren ilustratzaileak, Arkaitz Callado musikariak eta Lehior Elorriaga argazkilariak. Bakotxak maila bateko irabazlea aukeratu dau eta ipuin labur irabazlea abiapuntu hartuta sormen lan bat egin dau, irabazleari sari moduan emoteko.
Irati Egurenek aukeratu dau Twitter bidezko ipuin labur onena. Umoreari garrantzia emon deutsola onartu eta umorezko bat aukeratu dau. Holan dino ipuin labur irabazleak: Gira bihotzak! idatzi eban optimistenak. Eta oraindino ez dakite dislexikoa ala xiberutarra dan. Joxe Rojasena da ipuina eta igaz be berak irabazi eban twitter bidezko ipuinik onenaren saria.
17 urtetik gorako Durangaldeko ipuin laburrik onena hautatzea Arkaitz Calladoren ardurea izan da. Azken erabagia hartzea asko kostau jakola onartu eban. Hauxe da irabazlea: Arimea zenbatean saltzen dozun jakin nahiko neuke; ez erosi nahi dodalako, ezpada nirea merkeago saltzeko. Jon Ander Urkiaga zornotzarrak jaso eban saria. Calladok beren-beregi ipuin labur hori oinarri hartuta sortutako abestia entzun ostean —Paddi Rekalderen ahotsagaz— Urkiagak berba batzuk esan zituan. Mikroherri bat da gurea, esanez hasi eban berbaldia: Eta, jakina, Nobel saridunik ez, mikroipuinakaz poz-pozik bizi dan hizkuntza batentzat. Baina badogu abantaila bat: Makroilusinoa da gurea, kiloka be pisau ezin dan bizinahia eta horren adibide da Berbaroren mikrokosmosa.
Hirugarren eta azken saria Eskualdeko 14-16 urte arteko ipuinik onenarentzat izan zan. Lehior Elorriagak irakurri eban ipuin irabazlea: Gizarte kutsatu eta ustel batean umeak irri egin eban. Besteen ustez, ez zan errealidadeaz jaubetu. Umeak barriro egin eban barre. Ander Azpitarte izan da sariduna.