Bizkaiko uriburuko hainbat txokotan proiekzinoak eta bestelako jarduerak egingo ditue Egunik Laburrena zikloaren barruan, abenduaren 18tik 23ra. Film laburrak aldarrikatzeko sortu da ekimena eta Bilbok be bat egin dau oraingoan. 30 film inguru emongo ditue.
Egunik Laburrena izeneko ekimena munduko leku askotan egiten da, neguko solstizioaren inguruan. Aurten, Bilbora be ekarri dabe zikloa, Bilboko Udaleko Kultura Sailak eta Platanoboligrafo produkzino-etxeak antolatuta. Zinebi eta Fant jaialdiak eta Kimuak programea laguntzaile dira. Film laburrei lekua egitea da helburua.
Abenduaren 18tik 23ra egingo dabe jaialdia. Film laburrak proiektau ez eze, topaketak egongo dira zuzendariakaz eta musikea be entzun ahal izango da. Castaños, Otxarkoaga eta Zorrotzako udaltegietan, Hika Ateneoan, Berrikuntza Faktorian eta Bilborocken izango dira saioak. Programazinoan 30 film labur inguru sartu ditue, batzuk orain arte Bilbon ikusi bakoak (Naara eta Cartas de guerra adibidez).
Ekimeneko saio nagusia zapatuan egingo dabe, Bilborock aretoan, 19:30ean hasi eta gauerdiaren ostean amaituta. Euskal film laburren barri emongo da bertan eta, tartean, Aitor Mazo hil barriaren azken lana (Artificial) ikusi ahal izango da. Mahai inguruak be egongo dira.
Hilaren 23ra bitartean egingo diran saioetan, egileakaz berba egiteko aukerea egongo da. Batzuk hasi barriak dira, beste batzuek ibilbide oparoa bete dabe zinemagintzan. Borja Crespo, Aitor Arregi, Clara Bilbao, Tucker Davila, Alice Waddington eta beste asko egongo dira Bilbon.
Hilaren 21ean, ganera, zinemea eta musikea buztartuko ditue, Hika Ateneoan egingo dan jarduera berezian (19:30). Film laburrak eta Chicks & Kicks DJ-ren musikea dagoz iragarrita.
Egitaraua eta film laburren ezaugarriak ikusteko, katalogoa hemen.