Urtero argitaratzen dabe Best European Fiction bildumea, Europako herrialde askotako idazleen antologia zabala. Aurtengo alean, Harkaitz Canok Mugaritz jatetxeagaz alkarlanean idatzitako testua agiri da, ingelesera itzulita, beste 28 autoreren lanagaz batera, Etxepare Euskal Institutuak jakin eragin dauenez.
Harkaitz Cano idazlearen eta Mugaritz jatetxeko Andoni Luis Aduriz sukaldariaren alkarlanetik sortu da Harkaitz Cano & Andoni Aduriz: From Mugaritz BSO lana. Adurizek sortutako plateren azalpena dira Canoren testuak eta Amaia Gabantxok horreetako hiru itzuli ditu. Errezetakaz batera, Best European Fiction bilduman sartu ditue horreek hiru testuak.
Nazinoarteko publikoari eta kritikeari autore barriak eta hizkuntza ugaritako lanak ezagutzera emoteko argitaratzen da Best European Fiction bildumea. Orain dala bost urte hasi ziran argitaratzen eta Europa guztiko herrialde eta hizkuntza ugaritako idazlanak plazaratu dira harrezkero.
Hizkuntza handietako testuen itzalpean ez daiten geratu, bildumeak aparteko garrantzia emoten deutso hizkuntza txikietan egindako literatureari. Holan, Harkaitz Canoren bidez, euskereak be lekua eukiko dau 2016ko edizino honetan (2016ko datea ipini deutsien arren, izatez 2015eko testuak dira).
Canoren testuagaz batera, beste 28 idazlan be sartu ditue aurtengo bilduman. Danak dagoz ingelesera itzulita, baina hizkuntza askotakoak dira jatorrizkoak (zerrendea hemen). Ganera, Jon Fosseren hitzaurrea be badakar liburuak.