Euskal kulturgintzan zeresan handia daukien personak batu ditu Bilbon Sabino Arana Fundazinoak, Euskal kultura 21. mendean, etengabeko eraberritzea izenburuko saioan. Kirmen Uribe idazlea, Itziar Nogueras Donostia 2016ko arduradun ohia eta Imanol Agirre Loraldiaren zuzendaria egon dira, besteak beste. Euskal kulturearen egoeraz eta aurrera begira egin beharrekoaz jardun dira.
Kirmen Uribe idazle ondarroarrak euskera erakargarria sortzeko deia egin dau. Izan be, gero eta euskaldun gehiago dagoz, batez be gazteen artean, baina erabilereak ez dau gora egiten. Uriberen ustez, gazteek ez dabe euskerea gozamenagaz lotzen, eskoleagaz eta derrigortasunagaz baino, eta horrek dakar arazoa. Euskera erakargarriago eta modernoagoa sortu behar dala dino idazleak: Soineko barria emon behar jako, estetikeagaitik, baina baita etikeagaitik be.
Gaur eguneko panoramea konplexua eta zatikatua dala adierazo dau Itziar Noguerasek. Globalizazinoak euskereari aukerak eta mehatxuak ekarri deutsazala dino eta hori erronka handia dala estadu bako kultura batentzat. Eragileen arteko alkarlana eta komunikazinoa ezinbestekoak dirala azpimarratu dau Nogerasek.
Imanol Agirrek be gaiari heldu deutso eta, bide batez, Loraldia ekimenaren ganekoak azaldu ditu. Euskal kulturea ertzetik erdigunera ekarri nahi dauen ekitaldia da Loraldia, zehaztu dau. Hurrengo edizinoa 2016ko apirilaren 9tik 24ra ospatuko dala aurreratu dau Agirrek, hiru asteburutan. 60 artista eta 25 ikuskizun, Bilboko zazpi antzokitan banatuta.
Uribe, Nogueras eta Agirreren azalpenen ostean, mahai ingurua egin dabe Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan bertan. Jardunaldian, aitatutako hiru kulturgileek ez eze, euskal kultureagaz, gizarteagaz eta politikeagaz loturea daukien beste persona ugarik parte hartu dabe. Kirmen Uribek adierazo dauenez, euskal kulturea eremu txikitzat hartzen da sarri, baina izatez, lur eremu zabal eta askotarikoa da.