Zestoako Sastarrain baserri eskolan egingo dabe egonaldia 15 eta 20 urte bitarteko 30 gaztek, abenduaren 26tik 30era. Ahozkotasunagaz lotutako disziplinak lantzen ditue horreek gazteek eta Ahots baten egonaldian alkar ezagutzeko eta gauzak barriak ikasteko aukerea eukiko dabe.
Ahots baten egonaldian adierazmolde ugari landuko ditue: ipuingintzea, antzerkigintzea, kantagintzea, literaturea eta bertsolaritzea gehienbat. Egun bakotxean esparru bat landuko dabe, adituen laguntzinoagaz. Ipuingintzea Beatriz Egizabalegaz landuko dabe, antzerkigintzea Eñaut Gantxegigaz, kantagintzea Mikel Markezegaz eta bertsolaritzea Andoni Egaña eta Uxue Alberdigaz.
Parte-hartzaile guztiak gazteak izango dira, 15 eta 20 urte bitartekoak. Bakotxak alor desbardin bat lantzen dauen arren, danek ahozkotasunaren inguruan ibilten dira eta, hortaz, egonaldiagaz euren gaitasunak aberastuko ditue. Era berean, gazteek alkar ezagutzea eta hartu-emonetarako sarea sortzea be badira asmoak.
Sormen egonaldia antolatzeko, alkarte ugarik bat egin dabe: Mintzolak, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak, Ikastolen Alkarteak, Euskal Herriko Antzerkizale Alkarteak eta Kantuzaleen Alkarteak. Bertsolarien kasuan, Eskolarteko Txapelketako irabazleek parte hartuko dabe Ahots baten egonaldian.