Nafarroako lehenengo ikastolea zabaldu zanetik 50 bete diran honetan, aurrera doa Nafarroako Ikastolen Alkarteak urrezko ezteiak ospatzeko atondu dauen egitaraua. Esangura horretan, hasierako pausu baltz eta gogor hareetan bidaide eta laguntzaile izan zituen lau euskaltzale (Jorge Cortes Izal, Jose Maria Satrustegi, Jesus Atxa eta Carlos Garaikoetxea) saritu ditue bart, horreetako hirurentzat saria hilondokoa izan bada bere.
Ikastolen sorrerako bolada gogor haretan ezinbesteko erreferente izan ziran lau lagun saritu nahi doguz izan eben inplikazinoagaitik, egindako lanagaitik eta izandako ausardiarengaitik. Eurei esker heldu gara egun garena izatera, 15 ikastola, 6.000 ikasle, 4.200 kooperatibista eta 610 profesional hain zuzen be dino Nafarroako Ikastolen Alkarteak ekitaldiaren barri emoteko zabaldu dauen oharrean. Eta lau lagun horreei, Jorge Cortes Izal, Jose Maria Satrustegi, Jesus Atxa eta Carlos Garaikoetxeari, bihotzez eskertzen deutsegu Ikastolen eta euskerearen alde Nafarroan eginiko lana eta beti egongo gara zorretan eurekaz. Aitatu lau horreetatik hiru hilda dagozanez, euren senideek jaso zituen sariak. Karlos Garaikoetxea lehendakari ohia, barriz, hantxe izan zan eta bertatik bertara jaso eban Nafarroako Ikastolen omenaldia.
Jorge Cortes Izal (Otsagabia, 1930eko apirilaren 25a - Iruñea, 2010eko urtarrilaren 12a) euskaltzain urgazlea, komertziala ogibidez, Nafarroako XX. mendeko euskerearen historiako protagonistarik handienetako bat izan da, eta hezkuntza eta hizkuntzaren inguruko ekimenen sustatzaile nekaezina.
Jose Maria Satrustegi Zubeldia (Arruazu, 1930eko zemendiaren 15a - Iruñea, 2003ko martiaren 27a) etnografoa, idazlea, itzultzailea, euskalaria eta abadea izan zan.
Jesus Atxa, barriz, Aretxabaletan jaio zan 1920an eta 2007ko urriaren 23an hil zan Nafarroako uriburuan, 87 urte zituela. Aretxabaleta bere jaioterriko ikastolearen sortzaileetarikoa izan zan Sarasua eta Angel Gabilondogaz batera. Bizkaiko lehenengo ikastolen bultzatzaile sutsua be izan zan Jesus Atxa: Ondarroa, Ermua, Berriz, Zornotza, Galdakao, Durango eta Bilbo. Gipuzkoako herri batzuetan be lan bera egin eban eta Nafarroan be, ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izan zan.
Iruñean 1938an jaiotako Karlos Garaikoetxeak Zuzenbide eta ekonomiako ikasketak egin zituan Deustuko unibersidadean, eta aurrerago zuzendari karguak izan zituan Nafarroako zenbait enpresetan. Vianako Printzea erakundeko kidea zala, herririk herri makinatxu bat lan egin eban Nafarroan ikastolak zabaltzeko. EAko lehendakaria izan zan 1980tik 1985era arte.