Jatorrizko bertsioa izenburuko erakusketarako, Bilboko Berreginen Museoko bilduma iraunkorreko pieza batzuk aukeratu ditue, eta artista talde batek begirada barri batez aztertu ditu. Pieza klasikoei ikuspegi garaikidea emoteko asmoz sortu dabe erakusketea, bildumako obretan oinarritutako artelan modernoen beste bilduma bat sortzeko asmoz.
Obra klasiko batzuk aukeratu ditu Berreginen Museoak egitasmorako, edo zehatz esanda, obra horreen erreprodukzinoak. Laocoonte eta seme alabak, Samotraziako garaipena eta Belvedereko gorputz-enborra dagoz tartean. Izatez, eskulturak dira, baina hainbat artistaren parte-hartzeagaz, marrazketearen, collage-aren eta instalazino artistikoen esparrura eroan ditue.
Hiru artistak parte hartu dabe erakusketarako piezak sortzeko prozesuan. Ruben Frejo, Marta Elezkano eta Bea Aparicio. Guztira, 18 artelan sortu ditue, lehenagotik museoko bilduma iraunkorrean egon diran lanetan oinarrituta. Erakusketearen helburua da, obra klasikoetan oinarritutako pieza garaikideen zerrendea osotutea, ikuspegi desbardin eta gaurkotua daukan pertzepzinoa eregiteko.
Jatorrizko bertsioa izeneko erakusketea Berreginen Museoko bigarren solairuan ipini dabe, Bilboko San Frantzisko kalean. Urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik.