7.000 ikus-entzuletik gora batu dira Donostiako Ilunben, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketearen finala jarraitzera. Beste hainbatek www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus webguneetatik jarraitzeko aukerea izan dabe sarean zuzenean, eta baita telebistan be, ETB 4 katean. Azkenean, buruz burukoan Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi lehiatu dira. 1012 puntu lortu ditu Gaztelumendik, buruz burukoan Alaia Martinegaz kantuan ibili eta gero.
Beñat Gaztelumendiri jantzi deutso txapela Inaxi Etxabek 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Inaxi Etxabe oikiarrak plazetan lekua izan ez daben emakumeak ordezkatu ditu Etxabek. Txapela jarteko momentua bertsoa botateko aprobetxatu dau, txapeldunak agurra bota aurretik.
Oihana Iguaran, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Alaia Martin eta Jon Maia sartu dira Donostian, Ilunben bart jokatutako finalean.
Finaleko sailkapena:
Beñat Gaztelumendi Arandia 1012
Alaia Martin Etxebeste 993
Agin Laburu Rezola 614,5
Iñaki Apalategi Astigarraga 603,5
Unai Agirre Goia 595,5
Oihana Iguaran Barandiaran 594
Jon Maia Soria 586
Arkaitz Oiartzabal Agirre Xamoa 571,5
Talde antolatzailearen izenean, eskerrak emon nahi jakez bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile, babesle, laguntzaile eta saioak hartu dituen tokian tokiko udalei eta bertso-eskolei.
Beñat Gaztelumendi txapeldunaren agurra:
Mila esker Iker Alustizari
Esoain ta Sukiari
Eizagirretar bixkiei eta
Hernaniko kuadrillari.
Ume beldurti hau jartzearren
erratz batetik kantari
zuek bezela bertso-eskoletan
ari da jende ugari.
Konpromisoa eta jolasa
hitza direnez gauza bi
bertso-eskolaz bertso-eskola
belaunaldiz belaunaldi.
Hau zuentzat da zeratelako
ahots ematen ari
isilik egon behar zuela
esaten ziotenari.