Jon Iñaki Artetxe: 'Nire belaunaldikoak irratiaren semeak gara'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 21a, 00:00

FMko 105.5 frekuentzian zein interneten (radixu.info), Ahotsik bakoen ahotsa Radixu Irratia emitiduten hasi zaneko 25 urte beteko dira orain abenduan, urteurren biribila, nahiz eta urte batzuk aurretik be martxan ibili, izan be, hasierako probak Ondarruko Gaztetxe zaharreko gela batean egin zituen eta ondoren kanpantorrera pasau ziran. Ondarroako Rock taldeen laguntzinoari esker lortu eben irratiko tresneria erosteko beharrezko dirua, Gaztetxean eskainitako kontzertuen bidez, eta Ondarruko Udalak kanpantorrea itxi eutsen estudioak kokatzeko.

Ordutik 25 urte baino gehiago joan dira eta autofinantzaketeari esker bizi dan irratia izanik, txapela kentzen dogu holako ekimen baten aurrean. Hona hemen Radixu Irratiaren sortzaileetakoa dan Jon Iñaki Artetxek kontau deuskuzanak:


1.- Ezer baino lehen zorionak 25. urteurrenean. 80ko hamarkadearen hasieran, kultura alternatiboa jarri zan martxan gure artean, rock taldeak, fanzineak, gaztetxeak, irrati libreak eta abar. Giro horretan sortu zan Radixu Irratia? Ze egoera bizi zenduen Ondarroan 80, 85 urte hareetan?

Bai, esan dozun lez, gu apur bat aurrerago hasi ginan, Radixun hasierea izan zan 86-87 urteetan baina egia da apur bat lehenago upealako susperraldia egon zala kultura alternatiboan. Guri apur bat beranduago heldu jakun olatua. Kartel batzuen bitartez deialdi bat eginez ekin geuntsan Radixu Irratiari; batzen hasi ginan taldetxu bat eta hor eztabaidatzen hasi ginan zelako irratia gura genduan, lokal bila be hasi ginan eta orduantxe izena bera asmau genduan. Bateren batek esan eban polita izango zala ondarrutarrez ipintea izena eta Radixu Irratia proponidu; gustau egin jakun eta orduko taldeko partaide zan Mikel Odriozolak marraztu eban gure bitxo-logoaren zirriborro bat. Lokalik ez genduan lortu baina kaleko ekintza batzuk antolatu genduzan inauteri batzuetan, diru apur bat batu zan baina lokalik barik ezinezkoa izan zan emitiduten hastea. Batzarrak bertan behera geratu ziran, ze batzen ginan lokala be galdu egin genduan, beste talde batzuena zalako eta hor geldi geratu zan gauzea. Aurrerago aukerea sortu zan barriro Ondarroako gaztetxea martxan jarri zanean, 1988an edo; jentea batzeko beste deialdi bat egin genduan eta gaztetxean bertan herrian ziran taldeen kontzertu batzuk antolatu eta hor ateratako diruagaz tresneria erosi eta Udalak hutsik eukan kanpantorrea itxi euskun bertan estudioa kokatzeko. Bien bitartean gaztetxetik emitiduten hasi ginan aproba modura. Eta ikusi genduan Ondarroa herria bera, mendi artean dagoanez eta gaztetxea be nahikoa baju egoanez emisoreak indar gitxi eukala, herri osoan ez zala entzuten. 90eko abenduan, barriz, kanpantorretik hasi ginan eta gaur arte...


2.- 25 urte baino gehiago daroazuz irratiaren munduan. Zerk erakarri zintuan?

54 urte daukadaz eta nire belaunaldikoak irratiaren semeak gara. Orduko denporetan, telebista kate bi baino ez egozan eta horreetako bat ez zan ikusten, atara kontuak. Irratia, barriz, gure umetako soinu bandea izan da. Irratia magikoa da niretzako, gauez daukat saioa eta sarritan esan izan dot irratiko jarduna gaur egungo blog baten antzeko zeozer dala, norberaren gustoko gauzak, ardurak eta konpartiduteko bidea.

Etxeetan egun osoan egoten zan biztuta irratia, tabernetan be musikarik ez egoan eta askotan irratia egoten zan biztuta. Ganera, gure inguru guztian irratiak egozan martxan, piratak zein libreak eta beraz, naturala, berezkoa izan zan irratiaren munduan sartzea. Luter taldean be bagenbilzan eta lagun bategaz Lekeitiora joan ginan Arrakala irratira alkarrizketa kurutzatu bat egitera, guk irratikoei eta eurak guri eta ikusi genduan lokal txiki batean egozala eta tresna askorik ez zala behar. Ordura arte gatxa eta korapilatsua begitantzen jakuna errazagoa zala ikusi genduan eta indarbarrituta, geure irratiari ekin geuntsan.


3.- Kontra-informazinoa edo kontra-komunikabideen beharra azpimarratzen zan sasoi haretan baina gaur egun zein da irrati libreen zeregina?

Inori kontra egiteko asmo barik, salbuespen batzuk kenduta, herri txikietako gorabeherarik ez da agiri izaten komunikabide handietan eta herrian dan aberastasunaren erreferentziarik ez jasoteak urrundu egiten zaitu komunikabide handi horreetatik, gurea hurreko komunikabidea da eta herritarroei gehien interesetan jakuzan kontuen barri izatea gustetan jaku. Esangura horretan, herrian egiten ziran gauzen zabalkunderako tresna aproposa begitandu jakun gure irratia. 


4.- Herritarren laguntza zuzena dozue bizibide bakarra eta irrati libreetako esatari eta ganerako beharginek borondatez egiten dozue lan. Militantzia osogai garrantzitsua zan antxina baina gaur egun?

Militantziarena bakotxaren arabera gehiago edo gitxiago izango da baina Radixuk emoten deutsun aukerea da tarte bat hartu eta gustoko dozun zeozer egiteko, horrek beteten bazaitu jarraitu egiten dozu. Antxinako gure eztabaidetan batzuk irrati herrikoiagoa behar zala esaten eben, beste batzuk, barriz, punkiagoa edo apurtzaileagoa... Aurrerago, barriz, nik argi neukan eztabaida hori sobran egoala, gauzea zan egitea eta gero ikusi zan saio batzuk herrikoiagoak zirala eta beste batzuk kañeruagoak. Danantzako egoan lekua.


5.- Zelan finantzietan da Radixu Irratia?

Autogestinoa, autofinantzatzinoa da gure bidea eta urteotako ibilbidean fase desbardinak izan doguz; kuestazinoak, zozketak, kontzertuak, bazkidentzako kuotak be izan doguz inoiz eta irratiaren produkzinora etorrita, telefonoz alkarrizketa bat egiten bagendun, irratsaio bakotxak haren gastua bere menpean hartzen eban, horixe zan dinamikea. Jakina, diru askorik ez zan ataraten holan baina funtzionetako modu bat zan. 

Ganerakoan, Bolo-Bolo aldizkariak abiarazotako Zapato Azule egunaren ardurea aldizkaria desagertu eta guri emon euskuenean, horixe zan eta da gure diru iturri handiena; bertan egunean danen paparretan pegatinak ipinten ibilten gara, boltseagaz dirua eskatzen eta horrexegaz egiten dogu aurrera; berbarako, pasa dan denporaldian, kanpantorrearen teilatua eta barruko gela batzuetan Udalak obrak egin ostean, geuk tresneria, altzariak eta behearen ganea pagau genduzan. Harrokeriatzat hartu zeinken arren, teilatua konpontzeko beste euki bagendun, geu arduratuko ginan, ez dogu gura menpekotasunik, ez publizidadearena, ez erakundeena.   


6.- Legediak mueta honetako komunikabideak ez ditu jasoten baina zein da Radixu Irratiaren egoera juridikoa?

Legediak irrati libreak alegalak garela dakar. Ilegala da legearen kontra doana eta alegala, barriz, legeak aintzakotzat hartzen ez dituana. Frekuentzia bat lortzeko enpresa bat eratu behar dozu edota udal edota erakunde baten babesagaz abiatu; eta guri bide horreek ez jakuz gustetan. Pentsetan dogu legediak beste leku batzuetan lez irrati komunitarioak eta aintzakotzat hartu beharko leukezala. Batzuk hor dabiz legalizazinoa eskatzen eta beste batzuk, barriz, alegaltasun horren barruan gabiz baina gustauko litxakigu zeozelako seguridade juridiko bat izatea.


7.- Arrosa Irrati Sarean dago Radixu Irratia, Euskal Herriko 21 irrati batzen dituan federazinoan. Zein da federazino horren helburua?

Euskereak batzen gaitu eta alkarren barri izateraz aparte, alkar elikatzen gara, irratsaiosk konpartiduta eta abar ze parrillea osotzeko beste irrati batzuetako irratsaioen aukeraketea egiten dogu. Irrati libreak ez eze, bestelakoak be badagoz tartean.

Irrati libreen kordinakundean be parte hartu genduan antxina, izan be, gure lehenengo emisorea horren bidez lortu genduan baina Arrosa Sarea zabalagoa da izatez. 


8.- 25. urteurreneko ospakizunakaz hasita zagoze eta pasa dan hilean musika jaialdi potoloa antolatu zenduen Beikozinin Anestesia eta Mutrikuko Kraussk taldeakaz. Kontzertu, etenik bako irratsaio edota bestelako ekitaldi gehiago antolatuko dozuez?

Bai. Urte osoan ibiliko gara 25. urteurrena ospatzen. Oraindino zehaztu barik dagoz baina kontzertu gehiago izango dira eta hasieratik urtero egin dogu 48 orduko maratoia; 55 orduko maratoia be egin izan dogu inoiz eta gauza polita izaten da ze antxina irratian ibilitakoak eta batu eta barriro irratsaioak egiteko modua izaten da.


9.- Urteurrenaren atxakia hartuta, kanpantorreko estudioetako mikrofonoen aurretik pasau diran lagun guztiak batu eta bazkari-afariren bat be antolatzekotan zabizie...

Bai, idea polita da eta ia gauzatzeko aukerarik dogun. 25 urte joan dira eta jente asko gara, ez dakit nor sartuko ginateken...[Barreka]. Hasierako boom haretan, Ondarroako gaztetxearen sorrerea be hortxe izan zan, jente asko batu zan gurera baina joan-etorri handia izaten zan eta gaur egun gitxiago garen arren, 23-24 edo izango gara, indartsu eta betiko ilusinoagaz gabiz, talde sendoa gara eta gaur gabizan gehienok urte partidea daroaguz Radixun.


10.- Lehen irrati tailerra egiten hasi zarie Zubi Zahar herri ikastolako hainbat ikaslegaz eta eurekaz batera Lorituk FM izeneko irratsaio barria sortu dozue. Radixu Irratiaren bihar-etzirako harrobiaren bila?

Bai. Aspaldiko urteetan ibili gara, institutu, eskola eta enparauetan zeozer egin guran eta azken 23 bat urteotan irratiko partaidea dan Txomin Elepunto Aramaiok azkenean gauzatu dau eta oso pozik gagoz. Oso oker ez banago dagoeneko irratsaio bi egin ditue.


11.- Ondarruko Udalak, herriko beste hainbat eragilegaz batera, Ondarroako esakerak eta berbak batzen dituan aplikazinoa garatu dau: ahuakemonala, eskuko telefono eta eta tabletetan erabilteko. Ze ekarpen egin dau hor Radixu Irratiak?

Handia. Aitatu berbok grabetan irratira etorteko deia zabaldu genduan eta ume batzuk eta agertu ziran. Irratiko jardun eta beharra gustau eta irratsaioren bat edo beste egin izan ditue; gure lankide Leire Egiguren teknikari lanak egiteko ardurea hartu dau eta beragaz batera hasi dira Bota bosteku irratsaioa egiten. Ia horreek be engantxetan diran.

Osorik irakurri