Bederatzi eguneko hausnarketearen ondoren, epaimahaiak erabagi dau Unbranded dala Bilbao Mendi Film Festivaleko zortzigarren edizinoaren irabazlea, bere filmaketa harrigarriagaitik, aurreikusten ez dan gidoiagaitik eta bere zuzendaritza bikainagaitik.
Urzulo izan da euskerazko pelikula onena, High and mighty metraje laburreko filmik onena, Sunakali kultura eta naturako pelikularik onena, Jurek alpinismoko film onena, Eliza Kubarska zuzendari onena, A line across the sky eskaladako pelikularik onena, Reach your limits kirol eta abenturako lanik onena; Snowman pelikuleak gidoi onenaren saria jaso dau, Meru pelikulak argazkilaritzakoa eta Suspentes et cordes de violon au Pakistan izenburukoak epaimahaiaren saria.
Bederatzi egunean, sail ofizialean, 43 pelikula proiektau ondoren, Lara Izagirrek, Pablo Iraburuk, Adam Howardek, Michael Pausek eta Wojciech Fusekek osotutako epaimahaiak Bilbao Mendi Film Festivaleko Urrezko Eguzkilorea Unbranded pelikuleari emon deutso. Phillip Baribeuren lanak sari nagusiaren 6.000 euroak eroan ditu, bere argazkilaritza harrigarriagaitik, aurreikusten ez dan gidoiagaitik eta bere zuzendaritza bikainagaitik.
Zuzendari onenaren saria Eliza Kubarskak irabazi dau, film desbardina egin dauelako. Erritmoa, istorioa kontetako modua, grabaketa eta zuzendaritza dotoreak eta adimendunak dira epaimahaikideen ustez. Normalean mendiko pelikulakaz sentiduten ez diran emozinoak sentiarazoten deutse zuzendariak ikusleei. Epaimahaikideek baieztatu dabe ikuspuntu desbardin hori balorau dabela.
Espero zan lez, Euskalduna Jauregiko hasiera-ekitaldian eta Golem-Alhondigako aretoetan sarrerak agortu zituan eta bere emonaldietan 740 ikusle izan dituan Meru pelikulea ez da sari barik geratu. Argazkilaritza onenaren saria eroan dau.
Snowman filmak bereganatu dau gidoi onenaren saria protagonistearen eta bere lagunaren umezaroko istorioa era objektiboan eta naturalean konteteagaitik.
High and Might izenburukoak eroan dau metraje laburreko film onenaren saria, zailtasuneko eskaladearen kultura era arriskutsu, azkar eta iraunkorrean erakusteagaitik, erroka eszenatoki barritzaile batean.
Xanti Ugartek irabazi dau euskerazko film onenaren saria Urzulo bere lanagaitik. Gidoiaren indarra, iluntasunean grabeteak daukan zailtasuna eta Euskadiko leku ezezagunak azaleratzeko espiritua nabarmendu ditu epaimahaiak.
Aurten epaimahaiaren saria Suspentes et cordes de violon au Pakistan pelikuleari emon jako mendiko abenturearen arimea ondo erakusten dauelako eta bakarrik kamera bategaz, bibolin bategaz eta parapente bategaz egindako bidaia zintzotasunez eta era dibertigarrian kontetan dauelako.
Jurek filmak irabazi dau alpinismo film onenaren saria, bidezko omenaldia egiten deutsolako alpinismo poloniarraren historiako mendizale garrantzitsu eta ezezagunari, Jurek Kukuzkari.
Eskaladako pelikula oneraren saria A line across the sky lanarentzat izan da, 17 minutuan hamarkadako ekintzarik garrantzitsuenetakoaren inguruan dabilelako, momentuko bi eskalatzaile onenakaz.
Reach your limits filmak kirol eta abenturazko film onenaren garaikurra lortu dau, hasieratik amaierara emozinoari eusten deutsolako eta kirol esparrua jorratzeaz gan, heroiaren irudian sakontzen dauelako. Ikusleek Kiril Nikoloven min eta sufrimenduagaz bat egitea lortzen dau pelikuleak.
Azkenik, Sunakali izan da kultureari eta natureari buruzko film onena. Testuinguru konplexuan futbolean jokatzen jarraitu nahi daben Nepalgo neskato batzuen istorioak dauen garrantzia azpimarratu dabe epaimahaikideek.
Pablo Iraburu eta Lara Izagirre euskal zinemagileek, Wojciech Fusek Gazeta Wyborcza egunkari poloniarraren editore buruak, Michael Pause kazetari, produktore eta idazleak eta Adam Howard Alpinist eta Backcountry argitalpenen zuzendari editorialak osotu dabe epaimahaia.