Ohi baino Bikain ziurtagiri gehiago banatu ditu Eusko Jaurlaritzeak aurten

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 22a, 00:00

Gasteizen egin dabe Bikain Euskerearen Kalidade Ziurtagiriaren banaketea. Aurten, 65 enpresa eta erakundek jaso dabe izendapen hori, aurreko urteetako bataz bestekoaren bikotxa. Urrezko edo goi mailako Bikain jaso dabe 41 erakundek, 20k zidarrezkoa edo tartekoa eta beste lauk oinarrizkoa.

Jaurlaritzako agintariak egon dira Gasteizko Europa jauregian, Bikain ziurtagirien ekitaldiko buru. Iñigo Urkullu Lehendakaria, Cristina Uriarte Kultura eta Hezkuntza sailburua eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordea egon dira, besteak beste. Bikain ziurtagiria lortzeko prozesua gainditu daben enpresa eta erakundeetako ordezkariei banan-bana emon deutsie jagoken oroigarria. Ekitaldian 250 lagun inguru batu dira.

Bikain ziurtagiria merezidu dauen erabagiteko, prozesuan parte hartzen dauen enpresa bakotxak ebaluazino zorrotza pasau behar dau. Horretan, Bikain Ebaluatzaile klubeko 158 kide ibili dira. Euskalit fundazinoak be parte hartu dau ebaluazinoan.

Zortzi urteko historian, Bikain ziurtagiriek aurrerakada handia euki dabe. Jaurlaritzak azaldu dauenez, aurtengoa jauzi kuantitatiboa izan da: 65 enpresa aurkeztu dira eta guztiek lortu dabe ziurtagiria. Aurreko urteetako bataz bestekoa 28 enpresa edo erakundekoa izan da, beraz bikoxtu egin da aurten Bikain lortu dabenen kopurua.

Bikain Euskerearen Kalidadearen Ziurtagiria publikoa, ofiziala eta dobakoa da. Hiru maila hartzen ditu, enpresa edo erakunde bakotxak bere jardunean euskerea sartzeko hartu dauen konpromisoaren araberakoa: Oinarrizkoa da maila txikiena, euskerea sartzeko lehenengo pausuak egiten dabilela adierazoteko. Erdi mailakoa, edo Zidarrezko Bikain eta goi mailakoa, edo Urrezko Bikain, be badagoz.

Kanpo ebaluazino baten bidez egiaztatzen da enpresa batek Bikain ziurtagiria lortzeko moduko funtzionamendua daukala. Euskerea eguneroko jardunean erabilten dala adierazoten dau ziurtagiriak, hainbat alor kontuan hartuta: komunikazinoa, irudi korporatiboa, kanpoko eta barruko harremanak, hizkuntza kudeaketea eta abar.

Aurten, 41 enpresak lortu dabe Urrezko Bikain, hau da, dagoan baliotsuena. Beste 20k Zidarrezkoa lortzeko prozesuari ekin deutsie eta helburua lortu dabe. Amaitzeko, lauk oinarrizkoa eskuratu dabe. Danetariko enpresak dagoz sarituen artean: Industriakoak, hezkuntzakoak, garraioak, administrazinoa eta abar.

Aurrera begira, Bikain barritua martxan ipinteko asmoa dauka Eusko Jaurlaritzeak. Erakunde eta enpresa pribaduak ez eze, administrazino publikoa be sartuko dabe Bikain barrituan. Hori bai, lege berberak erabilita baina erispide zorrotzagoakaz ebaluauko ditue administrazino publikoak. Holan, mundu bi, publikoa eta pribadua, errealidade bakarrera ekarriko dituela ziurtau dau Jaurlaritzeak.

Osorik irakurri