Gauzak bestela ikusteko betaurreko magikoak sortzeko zein Gabonetako apaingarri bitxiak diseinetako tailerrak; Afrikako ume baten amesak ardatz dituan txotxongilo ikuskizun bat, zuzeneko musikea izango dauena; gaur egungo jantza emonaldi bat eta beste hainbat jarduera eskainiko deutsez Guggenheim Bilbao Museoak umeak dituen familiei abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra bitartean.
Abenduaren 15etik aurrera Guggenheim Bilbao Museora hurreratzen diran 3 eta 12 urte bitarteko umeek betaurreko magikoak sortzeko aukerea izango dabe sormen jolas dibertigarri batean. Partaideak Making Africa–Gaur egungo diseinuaren kontinentea erakusketan zehar ibiliko dira eta Cyrus Kabiruren betaurrekoen diseinu bereziak aztertu ondoren, Atrioan beren betaurrekoak eranskailuz eta pinturaz egingo ditue. Afrikar artisteak azaldu dauenez, umeek betaurrekoak jaztean beste modu batean ikusiko dabe mundua eta bestelako Gabonak imajinauko ditue. Horrezaz gan, opari bat jasoko dabe informazino-mahaira betaurrekoak jarrita azaltzen diranean.
Artearen Izkinan 2 eta 8 urte bitarteko umeek Afrikara eta munduko beste txoko batzuetara bidaiatuko dabe irudimenaren bidez, Gabonak eta Urtebarria ospatzeko beste modu batzuk ezagutzeko. Hezkuntza-gunea zabalik egongo da abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra, 11:00etatik 17:00etara.
Abenduaren 26an (zapatua), 4 urtetik gorako umeek txotxongilo antzerki eta musika ikuskizun batera joateko aukerea izango dabe, La mar de marionetas konpainiaren eskutik. El niño que soñaba. Un sueño africano izena dau lanak eta Moniren, Ginea Bissauko ume baten barri emoten deusku: musikari izatea amesten dau. Simao Félix D’Acunharen eta Toni Dalmauren zuzeneko musikea izango da. Laguntasunaren, aniztasunaren, eskuzabaltasunaren eta enpatiaren garrantzia azpimarratzen dau lanak. Bi emonaldi izango dira: 12:30ean eta 18:00etan.
Garai honetan ohikoa dan moduan, Museoko Lagunen seme-alabek Zure Gabonak diseinau tailerrean esku hartzeko aukerea izango dabe, abenduaren 23an eta 30ean gaztelaniaz eta abenduaren 29an euskeraz. Parte-hartzaileek objektu bitxiak diseinauko ditue, adibidez, 'ezinezko' zapata bat eta Gabonetako emotikono bat, eta osogai horreek poltsa baten gainean margotuko ditue, euren Gabonak zelakoak diran aditzera emoteko. Tailerretan bi talde egingo dira: 3 eta 5 urte bitarteko umeak (11:00etan eta 17:00etan) eta 6 eta 10 urte bitartekoak (17:00etan). Azkenik, abenduaren 24an eta 31n, 10:00etatik 16:00etara, Yoko Onoren Nahien zuhaitza lanean parte hartzeko aukerea egongo da. Museoko bigarren pisuko terrazan dago olibondoa. Bertan euren nahiak eta desioak eskegi nahi dituen guztiek Aretoetako orientatzaileakana jo behar dabe, eurek argituko deutsiezalako gorabehera guztiak.
Museoko Gabonetako familientzako jarduerak BBKren lankidetzeari esker gauzatzen dira.
Gabonetako agendea:
- Sormen jolasa. Betaurreko magikoak. Abenduak 15–urtarrilak 7. 3–10 urte.
- Artearen Izkina. Abenduak 19–urtarrilak 3. 11:00–17:00. 2–8 urte.
- El niño que soñaba. Un sueño africano – La mar de marionetas–. Abenduak 26, 12:30 eta 18:00. 4 urtetik aurrera.
- Zure Gabonak diseinau tailerrak. Abenduak 23 eta 30 (gaztelaniaz) eta abenduak 29 (euskaraz). 3–5 urte (11:00 eta 17:00) eta 6–10 urte (17:00).
- Nahien zuhaitza. Abenduak 24 eta 31 (10:00–16:00).
Sarrerak dagoeneko salgai Museoko txarteldegian eta webgunean.