Urtarrilaren 30ean izango da Bertso Egunaren berrogeita zazpigarren edizinoa, Donostian eta dagoeneko sarrerak salgai dagoz www.bertsosarrerak.eus helbidean. Egun osoko egitaraua atondu dabe: goizez, arratsaldez, zein gauez bertsolaritzaz gozetako abagunea izango dabe bertsozaleek.
Arratsaldeko ekitaldirako nahi beste sarrera hartu leikez edozeinek. Ekitaldia, afaria zein ondorengo emonaldia batzen dituan sarreretan, ostera, Bertsozale Alkarteko bazkideek lehentasuna izango dabe urtarrilaren 6ra arte. Ordura arte, eta mueta honetako sarrerei jagokenez, bazkide bakotxak bereaz gan, bazkide ez dan sarrera bat gehiago eta 16 urtetik beherakoentzat beste bat hartu ahal izango dau. Behin epe hori igarota, urtarrilaren 7tik aurrera, bazkide ez diranek be erosi ahal izango dabe ekitaldia, afaria zein afalosteko emonaldia batzen dituan sarrerea.
Bertsozaleak ez dau askorik mobidu beharrik izango arratsaldeko ekitalditik gaueko jaira, izan be, afaria Kursaalen bertan izango da.
Afariari jagokonez, menua zehaztuta dauka Bertsozale Alkarteak: ensaladea, txanpiñoiak, makailaua ajoarriero erara, arrain zopea, arkume errea patata pureagaz eta arroz esnea. Edariak, txotxa eta kafea.
Horrezaz gan emonaldi mamitsua izango da afalostean, eta hamabi bertsolari izango dira kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, Maddalen Arzallus, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre. Bapateko bertsoak eta prestatuak tartekatuko dira, musikatuak zenbait.