Ikastolen Alkarteak euskeraz olgetako produktu ugari atara ditu

Urtero legez, Gabon bueltan, Euskal Herriko Ikastolen Alkarteak bere katalogoko jolasen barri emon dau. Ume eta gaztetxuek olgetan ikastea da produktu horreen helburu nagusia. Askotariko jolasak daukiezala dino alkarteak: Bakarka zein taldean jolasteko, edade bateko umeek alkarregaz olgetako edo familia guztia batzeko eta abar. Joku digitalak be atara ditue.

Edadearen arabera banatu dau eskaintzea Ikastolen Alkarteak, hiru urtetik hasi eta 12 urtetik gorakoetan amaituta. Katalogoa ikusteko, ikusi hemen. Honeek dira aurtengo neguan ikastolek atara dituen jolasetako batzuk:

-Emotik-tak-tok (3-5 urte): Adimen emozionala garatzen laguntzen dauen egurrezko panela da jolas hau. Oinarrizko emozinoak identifiketan ikasiko dabe umeek panel horren bidez.

-Bokalak (3-6 urte): Ahozko hizkuntzea garatzen eta irakurketara eta idazketara hurreratzen laguntzen dau jolas honek. Zati biko hamar puzzle dira jokoaren oinarria. Piezek, alde batean bokal bakotxari lotutako irudia daukie eta, beste aldean, bokal hori zelan idazten dan.

-Gure gorputza (4-8 urte): Norberaren gorputz-atalak ezagutzeko balio dau jolas honek. Ganera, hezkidetzan oinarrituta, besteakaz hartu-emona bultzatzea be bilatzen dau. 30na zatiko puzzle bi dira.

-Argitxo eta ipotx galtzaberdea (3-8 urte): Argitxoren azken abenturea da, Mitxel Muruaren eskutik. Bersino bi daukaz ipuinak: laburra ume txikientzat eta luzea nagusiagoentzat. Testua eta irudiak daukaz.

-Joko digitalak: Euskal tribiala, Kalabazan eta Argitxo.eus. Ikastolen Alkarteak dino, ordenagailu, tablet eta sakelako telefonoetan erabilteko egokitutako jolasak dirala.

Osorik irakurri