Santurtziko Udal Liburutegiak bat egin dau eLiburutegiagaz eta, holan, Jaurlaritzeak abian ipìnitako liburutegi digitala Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztietara heldu da. Santurtziko Liburutegiko 25.000 bazkideek, aurrerantzean, internet bidez liburuak maileguan hartu ahal izango ditue eta eLiburutegiak eskaintzen dituan abantaila guztiak eskura eukiko ditue.
Urtebete pasautxuko ibilbidea bete dau eLiburutegiak eta dagoeneko erkidegoko liburutegi publiko guztietara zabaltzea lortu dabe. Santurtzi Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartu barri da eta horren ondorioz bat egin dau liburutegi digitalagaz. Zerbitzua erabilten hasi ahal izateko, santurtziarrek liburutegira jo beharko dabe eta han emongo deutsiez erabiltzaile izena eta pasahitza, liburu digitalak deskargau ahal izateko.
Santurtziko liburutegiaren 25.000 bazkideak kontuan hartuta, 720.000 personak daukie eLiburutegia erabilteko modua, hau da, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean dagozan guztiek. Orain arte, ia 8.000 lagunek hartu dabe libururen bat sistema horren bidez.
Igazko zemendian martxan hasi zanetik, 30.460 liburu maileguan hartu dira eLiburutegian. Aukera bi dagoz mailegurako: Liburuaren kopia digital bat deskargau leiteke, 21 egunean irakurteko, edo streaming bidez irakurri. Zerbitzua dobakoa da. Erabiltzaileek eskaintza zabala daukie, eLiburutegiaren katalogoak 10.000 titulu baino gehiago batzen ditu eta. Helburua da, 2016a amaitu orduko 15.000 baino gehiago izatea.