Bilbo Metropolitarraren Osoko Saneamendu Planaren 35 urteei buruzko Itsasadarraren magia– 35 urte bizia sortuz aldi baterako erakusketearen amaierearen harian, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak erronkea bota deutse 4 eta 12 urte arteko umeei, Itsasadarri buruzko mila marrazki batzeko, etorkizunean zelakoa izatea nahiko leukien adierazo deien. Itsasadarraren 1.001 amesak izenburupean, ekimenak teknika librean egindako mila marrazki jaso nahi ditu, liburu formatuan batzeko, maiatzetik ia 20.000 lagunek bisitau daben erakusketa horri amaierea emoteko.
Erakusketea abenduaren 29an amaituko da, Tor Magoaren ikuskizuna –dobakoa– jasoko dauen eta familia osoari zuzenduta egongo dan jaiagaz. Bertan sariak zozketatuko dira euren marrazkiakaz Itsasadarraren arte albumea osotzeko parte hartzen daben ume guztien artean. Holan, partaide guztien artean, Athletic Club-eko lau kamiseta ofizial zozketatuko dira, sinatutakoak. Jaia eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte. Gonbidapenak Itsas Museoan hartu daitekez dagoeneko, Itsasadarri buruzko marrazkia aurkeztean.
Parte hartu nahi daben ume guztiek abenduaren 29ko goizeko 11:00ak arte egin ahal izango dabe eta euren marrazkiak Itsas Museoaren txarteldegian entregau beharko ditue. Teknikea librea dan arren, partaideek, txarteldegian bertan jaso daitekeen edo museoaren webgunetik behera kargau daitekeen txantiloi komuna erabili beharko dabe.
Itsasadarraren magia– 35 urte bizia sortuz proiektua Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Itsas ikerketarako zentro teknologikoak – AZTIk antolatu dabe alkarren artean, Bizkaiko Foru Aldundiaren, URA – Uraren Euskal Agentziaren, Bilboko Portuaren eta Iberdrolaren laguntzinoagaz, animalia eta landare bizitzarik ez eban eta oso egoera txarrean egoan itsasadarra ingurumenaren ikuspegitik berreskuratzera eroan dauen hiru hamarkadatako prozesua ezagutarazoteko helburu nagusiagaz. Gaur egun uriaren ardatz egituratzaileetakoa da.
Azken egunak
Ateak joan dan maiatzean zabaldu zituan erakusketak, kolektore –hondakin urak araztegietara eroaten dituen hodiak– handiaren itxurea dauen egitureagaz jasoko dau bisitaria, eta bertan 70eko eta 80ko hamarkadetako Itsasadarreko argazkiak ikusi ahal izango dira. Izan be, XIX. mendearen erdialdean, Itsasadarraren inguruak industrializazino-prozesu handia abiarazo eban, burdin mineralaren ustiaketan eta esportazinoan eta industria siderurgikoan oinarrituta, batez bere.
Bilboko Itsasadarra, portu txikia izatetik Estaduko eta Europako industria-gune eta merkataritza-gune nagusietakoa izatera heldu zan. Urte gitxiren buruan, Itsasadarraren bazterrak lantegiz eta portu-azpiegituraz bete ziran, eta, gero eta eskulan gehiago behar zanez, etorkin mobimentu handia bizi izan zan, eta horren ondorioz, biztanleriak hazkunde handia izan eban inguru horretan. 1900. eta 1975. urteen artean, populazioa laukoiztu egin zan.
Garapen horrek aurrera egin ahala, Itsasadarreko ura nabarmen kutsatzen joian. Ezelako antolakuntzarik bako uri hazkundearen eta ingurumen kontzientzia faltearen ondorioz, hondakin urak –etxeetakoak eta industriakoak– zuzenean isurtzen ziran ubidera, aurretik ezelako tratamendurik emon barik. Itsasadarrak, meatzaritza ustiategietatik etozan 900 tona hondakin solido jasoten zituan egunero, 400 tona isurkin azido, 80 tona metal, eta baita zianuroa edo nitrogenoa eben konposatuak be; labur-zurrean, ia 2.000 tona hondakin isurtzen ziran egunero, eta, ondorioz, oxigenorik bako estolda bihurtu zan.