Gabonaldian Campusetan euskerazko trebakuntza berezia eskainiko dabe euskal kirol taldeek eta Axi Muniainek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 23a, 00:00

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak ekimen barria aurkeztu dau gaur goizean Donostian. Honen bidez, gabonaldi honetan Athletic Club-ek, Realak, Eibarrek, Alavesek, Dominion Bilbao Basketek, Retabet Gipuzkoa Basketek, Laboral Kutxa Baskoniak eta Axi Muniainek antolatzen dituen campusetan euskereak presentzia berezia izango dau. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, aitatutako kirol alkarte horreetako kideakaz batera aurkeztu dau ekimena. Bertan izan dira: Axi Muniain surflaria, Nekane Arzallus GBCko presidentea, JJ Davalillo, Bilbao Basketekoa, Jesus Vazquez Saski Baskoniako kudeatzailea, Andoni Iraola, Real Sociedad Fundazinotik, eta Mikel Larrañaga, Eibarreko Administrazino Kontseilukoa.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak bultzatuta, campusotan parte hartzen daben monitoreek euskerazko trebakuntza berezia jasoko dabe. Helburua argia da: euskerazko trebakuntza berezia jaso ondoren, urtean zehar euren klubetan egingo dituen entrenamenduetan ikasitakoa praktikara eroatea eta euskerea gero eta esparru gehiagotan erabiltea.

Azken hogeita hamabost urteotan euskereak aurrerapen handia izan dau Euskadiko Autonomia Erkidegoan: herritarren artean 300.000 hiztunetik gora irabazi ditu eta gizartean arrotz izan dituan erabilera esparruetan lekua hartu dau. Halan da be, asko dago egiteko oraindino. Bere presentzia esparru askotan handitu bada be, badira indartu beharreko esparruak bere; horreen artean, aisialdiaren esparrua nabarmendu dau Patxi Baztarrika sailburuordeak bere berbaldian: 16 eta 24 urte bitartekoen artean bikoiztu egin da euskerearen erabilerea epe horretan, % 12tik % 27ra. Baina aldea dago eremu formaletik ez formalera, ikasgelatik patiora, eskolatik lagunartera.

Esangura horretan, erabileran ezarri dau Baztarrikak etorkizunerako erronkea: Etorkizunerako erronka nagusiena erabileran daukagu. Hizkuntza bizia izateko baldintzea erabilia izatea da, komunikazino hizkuntza izatea. Erabilia dan neurrian izango da hizkuntza bizia. Ez da nahiko maitatua izatea. Beraz, gaur aurkeztu dan ekimen honen garrantzia azpimarratu dau, aisialdian, kirolean, kulturan eta batez be gazteen arteko komunikazinoan sustatzen dauelako euskerea.


Monitoreei euskerazko trebakuntzea

Gazteen aisialdian euskerearen erabilerea handitzea da euskereak gaur egun dauen erronka nagusi eta politenetako bat. Beraz, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzeak, Athletic Club, Erreala, Eibar, Alaves, Dominion Bilbao Basket, Retabet Gipuzkoa Basket, Laboral Kutxa Baskonia eta Axi Muniain bidelagun hartuta, gazteakaz urtean zehar lan egiten daben monitoreei kirolaren inguruan euskerazko trebakuntza ikastaroak hartzeko aukerea eskainiko deutse.

Monitore horreek euren entrenamenduetan normaltasunez erabiliko daben euskerazko terminologia berezia ikasiko dabe, kirol bakotxari jagokon terminologia zehatza, eta baita hainbat esamolde aisialdian eta kirolean motibetako erabilgarri diranak. Eskola berezitu horreek monitoreei –gehienek 14-20 urte bitartekoak- campusean eskainiko jaken formazinoaren parte dira, hau da, campusaren barruan kokatzen da monitoreen euskerazko trebakuntza berezi hau. Gogoratu behar da campusotan monitoreen kirol espezifikoagaz zerikusia dauen formazioa be jasoko dabela.

Campusen iraupenari jagokonez, talde bakotxak erabagiko dau bereak zenbateko iraupena izango dauen eta euskerazko eskola berezi horreek modu desbardinean antolatuta egongo dira. Talde batzuek egun berean eskainiko ditue ordu guztiak eta beste batzuek, ostera, nahiago izan dabe egun bakotxean apur bat egin. Halan da be, helburua argia da kasu guztietan: euskereak, apurka-apurka, aisialdian be presentzia irabaztea.

Danetara, 200 gazte inguru izango dira campus horreetan. Baina neska-mutil horreek beste hainbat taldetako entrenatzaile diranez, ekimen honegaz efektu biderkatzailea lortu nahi da, monitore horreek 5.000 ume baino gehiagogaz lan egiten dabelako urtean zehar, eskoletan zein klubetan.

GBCko presidente Nekane Arzallus be, kirolaren bidez euskereak behar dauen suspertzea lortzeko konpromisoa azaldu dau, ekimena bultzatuz.

Amaitzeko, Axi Muniain surflariak hartu dau berbea, surfaren arloan euskerea suspertzeko egiten dabilzan lana azaltzeko: Terminologia aldetik lan handia eginda egoan. Orain ekimen honegaz aukera handia sortu jaku, eta informazino hori batzeari ekin deutsagu, gero danon artean erabilerea suspertu daiten.

Osorik irakurri