Extremadurako ipuin tradizionalen liburu bat euskeraz argitaratu dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 23a, 00:00

Extremaduratik Euskal Herrira etorritakoen ondorengoek eskualde haretako ondare aberatsa ezagutu daien plazaratu dau liburua Monfrague Errenteriako Extremadurako Etxeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Ipuin tradizional bi dakarz liburuak, euskerazko eta gaztelaniazko bersinoetan.

Jose Angel Sanchez arduratu da ipuinak idazteaz, Extremadurako kontakizun tradizional bitan oinarrituta. Jon Sanchezek egin dau euskerazko itzulpena eta David Vizarrok egin ditu marrazkiak. Zorro kantaria eta Pikazina, azeria eta atalarra dira horreek istorio biak.

Ahozko ondare aberatsa dauka Extremadurak eta, Sanchezek azaldu dauenez, aberastasun hori ez galtzea eta belaunaldi barriek ezagutzea bilatzen dabe. Hatan be, Extremaduratik Euskal Herrira etorri ziranen ondorengoei zuzendu deutsie lana. Industrializazinoaren sasoian jente asko etorri zan beharrera eta extremadurarren komunidade zabala dago.

Euskal Herrian dagozan Extremadurako Etxeetan, ikastetxeetan eta liburutegietan banatuko da Extremadurako ipuin tradizionalak liburua. Bertako istorioen ganeko jarduerak egiteko asmoa be badagoala dino Gipuzkoako Foru Aldundiak, esate baterako, ipuin kontalarien saioak.

Gaur eguneko gizartean ipuinak kontetako ohiturea galdu dala dino Jose Angel Sanchez egileak eta liburu hau hutsune hori betetera datorrela. Umeei euren guraso eta aitita-amumen ondarea ezagutarazoteko bide aproposena dala uste dau Sanchezek eta, ganera, euskeraz idatzita dagoanez, bertoko hizkuntzea be lantzen da.

Osorik irakurri