Europako kultur uriburutzearen urtea urtarrilaren 3an hasiko da Pasaiko Albaola Itsas Kultur Faktorian, Eh, Petrel! Julio Villarrekin hizketan ikuskizunaren estreinaldiagaz. Astrolabium Teatroaren antzezlana da, Mikel Sarriegiren eskutik sortutako talde barriarena. Emonaldia, Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta Donostia 2016k martxan jarritako Itsasgileak programearen barruan dator. Programa hau, euskal itsas ondarea zabaltzeari begira egingo diran hainbat jarduera bultatzeko asmoagaz sortutako egitasmoa da.
Julio Villarren ¡Eh, petrel! cuaderno de un navegante solitario liburuaren antzerkirako egokitzapena da antzezlan hau eta, liburua bezela, gaztelaniazkoa. Julio Villar puntako alpinistea zan eta mendian istripu larri bat izan eta gero, belaontzi txiki bat hartu eta munduari bueltea emon eutson lau urte eta erdiz.
Liburu honetan oinarrituta egoteaz gan, gaur egungo Julio erakusten deusku antzezlanak. Protagonistea alkarrizketan ibiliko da lagun bategaz eta musikari bategaz, eta, barriketaldi horretatik, Julio abentura haretan sartzera bultzatu eben arrazoiak azaleratuko dira. Alkarrizketeak aurrera egin ahala, ezagutuko dogu Julio mendizalea, nabigatzailea eta abenturazalea, eta, batez be, Julio poeta eta ameslaria.
Mikel Sarriegik, Hondarribiko aktore eta zuzendariak, egin ditu antzezlanaren egokitzapen eta zuzendaritza lanak eta bera izango da Julioren personaiari bizitea emongo deutson aktorea be. Jatorrizko musikea Iñaki Dieguez musikari irundarrak egin dau. Dieguez, nazinoarteko musika arloko soinu-jotzaile ezaguna da eta Cirque du Soleileko bi ikuskizunetan parte hartu dau, horreetako batean sortzaile lanak eginaz. Azkenik, Alvaro Garayalde aktore donostiarrak egingo dau Julioren lagunaren papela.
Antzezlanak gaur egungo gizarteaz gogoeta egin eta mundu honetan egoteko beste modu bategaz amestera eroango dau ikuslea. Itsas historiaz josita dagoan inguru batean izango da antzezpena: Albaola Itsas Kultur Faktoriako Itsas Antzokian, hain zuzen. Leku honetan haretx egurra 1563an Pasaian eregitako San Juan baleontziaren erreplikearen parte izateko bere txandearen zain dago. Museo bihurtu dan ontziola honen ibilbidean txertatuta dago lantoki hau; bertan Albaolako arotzek jentaurrean San Juanaren piezak lantzen ditue egunero. 2016ko urtarrilaren 3an, barriz, arratsaldeko 18:00etan antzoki bihurtuko da gune hau Eh, petrel! Julio Villarrekin solasean antzezlana ezagutzera emoteko.
Sarrerea doban da, eta abenduaren 21etik egon dira txartelak eskuragarri Albaolan (Ondartxo Pasealekua 1, San Pedro link) eta Donostia 2016ren egoitzan (Easo 43). Dagoeneko sarrerak agortuta dagoz.