Bilboko Udal Txistulari Bandeak Euskalduna Jauregiko kontzertu egitarauagaz jarraituko dau 2016. urtean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko abe. 29a, 00:00

Bilboko Udal Txistulari Bandeak hasierea emongo deutso urtarrilaren 13an, martiaren 23ra arte jatorrizko euskal musikarik onena publikoari hurreratuko deutson dobako kontzertu-programeari, txistua protagonista dauen kontzertu-ziklo zabal eta anitzari hasierea emoteko modurik onena urte barrian be. Emonaldi guztiak dobakoak dira eta iluntzeko 20:00retan hasiko dira.

Aitor Urquiza (txistua eta konposizinoa) eta Xabier Olazabal (txistua eta eskusoinua) musikari konbidauek 2016. urteko Bilboko Txistularien Bandako kontzertu zikloaren lehen emonkizuna eskainiko dabe urtarrilaren 13an. Aitor Urquiza (Iruñea, 1987) eta Xabier Olazabal (Iruñea, 1989) bi musikari gazte dira. Txistu eta akordeoiaren bitartez Bach, Piazzolla, Tchaikovsky… lako konpositore ezagunenen lanak joko ditue baina beste alde batetik Euskal musikea be eskainiko dabe  Kepa Junkera, Aitor Furundarena, Eusebio Basurco eta Hilario Extremiana lako konpositoreen obrakaz.

Urtarrilaren 13ko kontzertuaren ondoren, Bilboko Txistulari Bandea Euskaldunara itzuliko da urtarrilaren 27an, Portugaleteko Elai-Alai musika eta jantza taldeagaz ikuskizuna eskaintzeko. Elai Alai jantza eta musika taldea Portugaleten sortu zan, 1962an, herri ekimenari esker eta herriaren tradizinoari jarraituz. Ordutik, Elai Alai alkartearen nortasuna eta itzala sendotu egin dira, bai Euskal Herrian, bai kanpoan be, etenbarik jardun dauelako Euskal Herriaren folklore eta kultura tradizionala berreskuratu, gorde eta zabaltzen. Euskal herri guztietako jantzak hartzen ditu taldeak bere errepertorioan, Bizkaiko Dantzari-jantzea, Gipuzkoako Ezpata-jantzea , Arabako jantzak, Nafarroako folklore aberatseko jantzak, baita Lapurdi, Benafarroa eta Zuberoako inauterietako konparsak.

Zezeilaren 3an, publikoak Musikearen koloreak ikuzkizunaz gozetako aukerea izango dau. Bilboko Txistulari Bandeagaz Izaskun Andueza (txistua), Asier Agirre (txistua eta bateria), Xabier Olazabal (txistua, silbotea eta akordeoia), Edurne Errea (txistu, silbotea, baxua eta ahotsa), Eduardo Sola (pianoa), Mario Cantabrana (kontrabaxua) eta David Delgado (gitarra eta ahotsa) musikariek parte hartuko dabe kontzertu berezi honetan.

Hurrengo hitzordua zezeilaren 17an izango da. Txistulari Bandeak txistu eta piano errezitaldia eskainiko dau, Mariano Santamaría piano joleak lagunduta, Barroko Garaiko Musika eta Jantzak kontzertuan.

Martiaren 1ean, Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa musikaz eta ahotsez beteko da gure txistulariek antolatutako Kantaldian. Euskal Herriko kantutegi zabal eta ederra tarteko, danok parte hartuko dogu Josu Zarateren gidaritzapean naturaltasunez kantuari ekinez. Kontzertuan Mariano Santamaria pianojolea eta Amaiur Cajaraville kontrabajistearen laguntzinoa izango dogu.

Bilboko Txistulari Bandeak urrezko amaierea emongo deutso neguko kontzertuen zikloari martiaren 23an, Joserra Gutierrez Barakaldoko konposatzaileak hitzordu horretarako beren-beregi idatzitako abestiak jasoko dituan Zeu be txistulari ikuskizun bikainagaz. Programearen barruan, beste batzuen artean, txisturako pieza klasikoak, folk estiloko doinuak, txisturako idatzitako zenbait pieza eta ikus-entzuleek parte hartu ahal izango daben pieza erritmikoak eta abestiak jasoko dira. 1966an, Barakaldon jaio zan Joserra Gutierrezek Bilboko eta Donostiako Konserbatorioetan osotu zituan musika goi ikasketak. 1997an, animazinozko film onenaren Goya saria irabazi eban Megasonikoak filmerako sortutako musikeari esker. Ordutik hainbat proiektutan hartu dau parte: telebistan, publizidadean, bideo instituzionaletan, antzezlanetan, fikzinozko filmetan, animazinozko zineman...


Bilboko Udal Txistulari Bandearen 2016ko neguko denporaldiko kontzertuak
 

- Urtarrilak 13, eguaztena: Aitor Urquiza (txistua eta konposizinoa) eta Xabier Olazabalen (txistua eta eskusoinua) kontzertua. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa.

- Urtarrilak 27, eguaztena: Ikuskizuna Portugaleteko Elai Alai Musika eta Jantza Taldeagaz. Euskalduna Jauregiko A1 Aretoa.

- Zezeilak 3,  eguaztena: Musikaren Koloreak (Izaskun Andueza, Asier Agirre, Xabier Olazabal, Edurne Errea, Eduardo Sola, Mario Cantabrana eta David Delgado). Euskalduna Jauregiko A1 Aretoa.

- Zezeilak 17, eguaztena: Barroko Garaiko Musika eta Jantzak. Txistu eta piano errezitala. Bilboko Txistulari Bandea eta Mariano Santamaria. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa.

- Martiak 1, martitzena: Kantaldia Josu Zarate, Mariano Santamaría eta Amaiur Cajaravillearen laguntzaz. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa.

- Martiak 23, eguaztena: Zeu be txistulari. Estreinaldia. Joserra Gutiérrez konposatzaileagaz proiektu barria. Euskalduna Jauregiko A3 Aretoa.
 

Osorik irakurri