Jon Gomez Garai: 'Galdakaok eta Usansolok eurek bakarrik trataera esklusiboa behar eta merezidu dabe'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 4a, 00:00

Aspaldiko asmoa gauzatu da eta azkenean Galdakao eta inguruetan euskerea eta kulturea ardatz izango dituan euskera hutsezko aldizkaria izango da urtarrilaren hirugarren astetik aurrera Aitu Euskerearen Sustapenaren Aldeko Alkarte sortu barriaren ekimenez. Papelean argitaratuko dabe eta hilero 14.000 ale inguru argitaratzea eta doban banatzea da asmoa.

Binke! hilabetekariaren gorabeherak azaltzeko koordinatzaile lanetan dabilen Jon Gomez Garai konbidau dogu:



1.- Hasteko zorionak, holako proiektu barri bat abiarazotea beti dalako pozgarria. Oraintsu, Galdakaoko Liburu eta Disko Azokan egin zenduen Binke! proiektuaren aurre-aurkezpena. Aspaldiko asmoa orain gauzatuko da. Zergaitik?

Eskerrik asko. Orain dala 10 bat urte Galdakaon baegoan Erduxie euskera alkartea, ni bertan nengoan, gaztetxua nintzan eta bertan bota genduan proposamena, herrian zeozer behar zala, aurrerago aurreproiektu bat be idatzi neban, gogoan hartuta egun 30 mila biztanle inguruko herrian eta azken datuen arabera % 66 garela euskaldunak edo ia euskaldunak holako zeozer behar zala. Ardura handia egon da beti herrian, izaera pribaduko eta editorial espainoleko hiru hilebetekari dagoz inguru honetan, albistez bakarrik horniduta dagozanak eta beste zeozeren beharra ikusten genduan askok. Erduxie desagertu egin zan aurrerago eta proiektua hor geratu zan ez atzera ez aurrera. 2015eko urte hasieran, barriz, kolore edo ideologia, edade zein generoaren aldetik, nahikoa talde polita batu ginan eta hor be batek amorruz bota eban zelan dan posible Galdakaon euskerazko argitalpenik ez egotea, Galdakaok euskera aldetik eta kultura mailan asko emoten dauen herria izanda; orduantxe kontau neutsien Erduxie alkartearen sasoiko asmoa eta batek esan eban ia zer egin behar dan proiektua martxan jarteko. Euskereari eta kultureari lehentasuna emonez, proiektu herritar, herrikoi, anitz eta parte-hartzailea hortxe abiatu zan, orain urtebete inguru. 


2.- Beinke/Binke izena nondik nora otu jatzuen?

Izena Roberto Perez kazetariari okurridu jakon; santurtziarra da baina nik baino urte gehiago daroaz Galdakaon, ni jaio aurretik be Galdakaon biziten egoan. Roberto Perezi okurridu jakon herrian hainbat laguni proiektuaren barri emoten nenbilen bitartean eta berak proponidu eban izena. Batzordean hainbat izen bota genduzan baina danori gustau jakun Binke. Bizkaierazko berbea da, indar handikoa, erraz gogoratzekoa eta gure artean Galdakaon asko erabili izan dan berbea dalako, nahiz eta gero eta gitxiago erabilten dan. Indartu beharreko berbea otu jakun eta hortxe dago, beinke, baizez, jakina, bai horixe... Beinketik binke-ra egin dogu. 


3.- Zein izango da Aitu Euskerearen Sustapenaren Aldeko Alkarte sortu barriaren egitekoa?

Binke abiatzeko sortu genduan Aitu alkartea eta urtarriletik aurrera berau izango da hilero-hilero Binke hilabetekaria etxez-etxe, saltokiz-saltoki argitaratu eta banatzearen ardurea hartuko dauena. Aituko kideek honezkero martxan dagoan Binkeren batzordea osotzen dabe.

Bestetik, Aituk berak sustatuko ditu batzar edegiak bi-hiru hilerik behin aholku batzordea osotzeko; batzorde horretara konbidauko doguz Galdakao eta Usansoloko alkarte, alderdi politiko, talde guztiak, guraso, irakasle eta abar eta norbanakoak be bai, jakina. Batzar horreetan aurreko zenbakien balorazinoa egingo da eta hurrengoetako protagonistak eta gaiak proponidu eta erabagiko dira danon artean.



4.- Geuria komunikabidea be hor dago, orain urtebete pasatxo sortutakoa, papelean eta sarean argitaratzen dauena. Ez ete dozue alkar zapalduko?

Badira gehiago be, hiru zehatz esateko, editorial espainola eta izaera pribadukoak izateaz gan, albisteez bakarrik osotuta dagoz. Horreetatik, izenik esan barik, postontzietan ale gehien sartzen dituana ez da hamar milara heltzen. Galdakao erdia baino gehiago hankamotz geratzen da. Edozelan be, kontaktuan gagoz, harremanetan izan gara Geuriagaz eta harreman onak daukaguz Geuriako lantaldeagaz baina uste dogu ez dirala proiektu bardinak ezta antzekoak be. Izaera aldetik proiektu diferenteak dira, Geuria eskualde mailako komunikabidea da, batez be albistez hornidutakoa eta Galdakaori emoten jakon tratamendua eta lekua txikiak dira. Irisgarritasunari jagokonez be badagoz aldeak, izan be, Geuria kiroldegietan eta udaletxean gehienbat pilotxua itxi eta horrexetara mugatzen da banaketea; gure asmoa, barriz, Galdakao eta Usansolo eurak bakarrik barri iturri potoloa dirala kontuan hartuta, albiste edo barriez ez eze, Binkeren 32 orrialdeak erreportaje, agenda, alkarrizketa eta bestelakoez betetea da asmoa eta banaketeari jagokonez, etxez-etxe banatuko dogu, saltokietan, puntu interesgarrietan eta interes handia jarriko dogu, oraintxe negoziazinoetan gabiz, enpresa bi beharko doguzalako banaketarako, Galdakaotik eta Usansolotik kanpo dagozan baserri, etxe eta auzoetara be Binke eroan ahal izateko. Ehundaka baserri dagoz hor inguruan eta holako produkturik ez jake heltzen.

Ez dakit esan beharko neuken be baina esango deutsudan honetan ez neuke indarrik egin gura; kontua da ze bi aldeak, Geuria eta Binke, prest gagozala, badago asmoa data zehatzik barik eta epe luzera batera zeozer egiteko. Gaur gaurkoz, barriz, ez dago ezelako asmorik, uste dogulako Galdakaok eta Usansolok eurek bakarrik trataera esklusiboa behar eta merezidu dabela.



5.- Beinke! hilabetekariak 32 bat orrialde izango ditu baina edukiak zelakoak izango dira? Zer topauko dau irakurleak?

Euskerea eta kulturea lehenetsita, irakurleari ahalik eta informazino gehien emotea da asmoa, informau eta entretenidu be bai eta, beraz, berebizikoak izango dira idazgelan egindako artikuluez gan, kolaboratzaileek egindako ekarpenak; agendea, denporapasak, eretxi artikulu bi eskainiko doguz hilero, osasunaren inguruko artikulu bat be bai, herriko sei-zortzi mediku oso ezagun tarteko dirala, sare sozialak, teknologia eta aplikazinoen inguruko barriak, euskerearen inguruko atala, sormenari eskainitakoa (Musikea, bertsolaritzea, poesia...), argazkiaren atala, bitxia egin jakun argazkia, egunerokoa zein antxinakoa, irakurleen txokoa... Galdakaon ez da sekula euskera hutsezko aldizkaririk egon eta herritarrei ahotsa emongo deutsegu, erredakzinoko lanaz gan, kolaboratzaileek eurek be ekarpenak egin deiezan.


6.- Hilero 14.000 ale argitaratuko dozuez baina noraino helduko da Binke!?

Lehen be esan deutsut, etxez-etxe banatuko dogu, saltokietan, puntu interesgarrietan, udaletxe, kiroldegi eta enparauetan eta interes handia jarriko dogu bazter auzoetara be heltzeko eta, esangura horretan, negoziazinoetan gabiz, enpresa bi beharko doguzalako banaketarako, Galdakaotik eta Usansolotik kanpo dagozan baserri, etxe eta auzoetara be Binke eroango dogu, ehundaka baserri dagoz hor inguruan eta holako produkturik ez jake orain arte heldu.


7.- Internet bada etorkizuna eta oraina, zergaitik ez dozue hor argitaratuko ?

Oraingoz, lehenengo urtean behintzat ez dogu webgunerik izango eta arrazoia bakarra eta argia da, gastua oso handia dalako. Ondo jakingo dozunez, holako herri komunikabide bat martxan jarteak kostu ekonomikoa, fisikoa eta sikologikoa dakarz eta zentzunez jokatu behar da. Edozelan be, dagoeneko badogu presentzia interneten, berbarako, Facebook eta Twitter sareetan eta datu lez baino ez bada be, hiru egunetan berrehun lagun baino gehiago erakarri doguz eta pozik gagoz.

Bihar-etzi, webgunea izatea espero dot baina oraingoz papelean egin gura dogu indar, errotu, sendotu eta barruratu nahi dogu proiektua, herritarrek eurena dan proiektua sentidutea; aurrerago etorriko dira webgunea eta bestelakoak.



8.- Zeu arduratuko zara koordinazinoaz baina lantaldea osotuta daukazue?

Momentuz langile bi egongo gara buru-belarri baina lehen esan deutsudan lez, 10 bat lagunez osotutako batzorde bat ibiliko da lanean. Horrezaz aparte, kolaboratzaile sarea izango dogu eta laugarren hankea edo zutabea aholku batzordea izango da.


9.- Binkekide kanpainea martxan dozue, izan be, dirulaguntzino publikoetatik aparte, herritarren laguntza ekonomikoa be behar dozue...

Duda barik. Ezer baino lehen, erakundeen laguntzinoa, batez be, Galdakaoko Udalaren laguntzinoa eta babesa nabarmendu gura dodaz. Apustu ederra egin dogu galdakostarrok eta usansolotarrok eta behingoz, Galdakaoko Udalak proiektuaren alde egin dau, ez dau beregan hartu oso-osoan baina aurrekontuaren portzentaje handia ordainduko dau. Hori bai, alderdi politikoei eta Galdakaoko gobernu taldeari be argi itxi deutsegu hau proiektu herrikoia, askea, idenpendentea izango dala, pentsetan dogulako euskeraz izateak ez daukala zerikusirik askatasun politikoagaz, euskera danona dan neurrian ahalik eta libreena izateko jaioko gara.

Kontuak kontu, diru-laguntzino publikoak, ohiko publizidadea eta Binkekide kanpainea izango dira gure diru iturriak. Holako proiektu handi batek iraunkortasuna eta askatasuna bermatzeko Binkekideak be beharko ditu, hau da, Binke babesteko prest dagozan herritarrak. Urtero 36 euro eskatuko deutsaguz Binkekideari. Aurre aurkezpena Binkekide kanpaineari hasierea emoteko egin genduan baina barriro dei egiten deutsegu galdakoztarrei eta usansolotarrei holako proiektu garrantzitsua, historikoa babestu deien.


10.- IBIL2D, Betizu eta SexSua programetan ibilia zara eta Oxabi taldean abeslaria zaitugu. Zure pasinoak musikea eta komunikazinoa dira. Zelan buztartzen dozuz?

Bai, ondo esan dozu, musikea eta komunikazinoa dira nire pasinoak eta arlo horreek jorratzen dodaz; Oxabi erromeria taldean abeslaria naz, Andra Mari Dantza Taldeko musikaria be banaz, Gure Esku ekimenean be banabil buru-belarri, ETBko aurkezlea be banaz, berbaldiak be emoten dodaz eta orain urtebete edo Binkeren proiektuan sartu nintzan bete-betean. Azken hau ez da edozelako saltsea izango, datozen urteetan hor jarriko dot indarra baina horrek ez dau esan gura beste kontu guztiak baztertuko dodazenik, pentsetan dot buztargarriak dirala danak, nire pasinoa diralako. Hori bai, segurutik ETBn ez nozue horrenbeste ikusiko aurrerantzean Binke izango dalako nire burukomina eta nire lana. 

 

Osorik irakurri