Azkenaldion arrakastea lortu dau Joaquin Achucarro musikariak nazinoartean. Urte biko bira luzea amaituta, etxera bueltau eta kontzertu berezia emongo dau Arriaga antzokian domekan, urtarrilak 10. Bachetik Gershwinera izeneko emonaldian, bilbotarrak konpositore ezagunen piezak joko ditu pianoagaz.
Joan diran urte biotan biran ibili da Joaquin Achucarro. Besteak beste, Japonian, Estadu Batuetan, Argentinan, Suitzan eta Txinan jo dau. Ganera, errekonozimendu ugari be jaso ditu. Frantziako Diapason aldizkari espezializaduak sasoi guztietako pianoko 100 diskorik onenen artean sartu dau Achucarroren grabazino bat, Concerto Magambre. Bestetik, Nazinoarteko Astronomia Alkarteak planeta nano bati Joaquin Achucarro izena emon deutso, musikari bilbotarrak egindako ibilbideari gorazarre egiteko asmoz.
Atzerritik bueltan, etxean, Bilbon ekingo deutso Achucarrok 2016ari. Urtarrilaren 10ean Arriaga antzokian emongo dauen kontzertua, Bachetik Gershwinera, berezia izango da. Izenburuak dinoan legez, Bach eta Gershwinen piezak joko ditu Achucarrok pianoagaz, baina baita ospe handiko beste konpositore batzuenak be, esaterako Chopin, Granados eta Albenizenak.
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da emonaldia. Arriaga antzokiko arduradunek azaldu dabenez, sarrerak salgai dagoz euren webgunean eta antzokiko txarteldegian, 11,50 eta 37 euro artean.