Bob Geldof eta Nick Lowe Donostian egongo dira martian, Stop War jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 4a, 00:00

Donostia 2016, Europako Kultur Uriburuaren egitarauaren barruan antolatuko dabe Stop War Festibala, martiaren 25etik 27ra bitartean. Atzerriko hiru artista eta bertoko beste horrenbeste ekarriko ditue jaialdira. Lehenengo izen bien barri emon dabe. Bob Geldof eta Nick Lowe atzerritik eta Gose eta Anari Euskal Herritik.

Stop War Festibalaren kartelean zubi bat agiri da, jaialdiaren metafora moduan. Garikoitz C. Murua Fierro artisteak egin dau. Zubiak dira gerretan apurtzen diran lehenengo azpiegiturak, alkargune eta topaleku be badira. Gaur eguneko gatazkak aztertu eta bizikidetzarako bidea zabaltzea izango da festibalaren helburua eta horretarako musikea eta berbaldiak tartekatuko ditue.

Martiaren 25etik 27ra izango dira Stop War Festibaleko kontzertuak, Donostiako Maria Kristina zubiko agertoki handian. Asmoa da, nazinoarteko ospea daukien hiru artista ekartea eta baita bertoko hiru talde edo bakarlari be.

Bob Geldof irlandarrak lau hamarkada daroaz musikearen munduan. Musikagintzan ez eze, alkartasunezko proiektuak martxan ipinten be ibilbide oparoa egin dau, batez be Afrikari laguntzeko. Geldofen egun berean, Gose talde gipuzkoarrak joko dau Stop War jaialdian.

Nick Lowe, bestalde, abeslaria eta Stiff Records diskoetxeko bultzatzailea da. Erresuma Batukoa da, baina mundu osoan ezagun egin zan 1970eko hamarkadatik aurrera. Lowegaz batera, Anari azkoitiarrak joko dau Donostian.

Kontzertuakaz batera, egun biko nazinoarteko topaketea eratu dabe, martiaren 25ean hasita. Aditu ugarik parte hartuko dabe bertan, gatazken inguruan gogoetea egin eta herritarrek gerrearen kontra zer egin leikeen aztertzeko.

Osorik irakurri