Erregetako opil solidarioa banatu dabe Bilbon, Caritasen alde

Urteroko ohitureari eutsita, errosko erraldoia preparau dau Bizkaiko Caritas alkarteak Errege Egunaren bezperan. 500 kilotik gorako opila ehundazak herritarren artean banatu dabe, Bilboko Plaza Barrian egindako ekitaldian. Batutako dirua beharrizanean dagozan umeei laguntzeko erabiliko dau Caritasek.

Gizarteko eta erakundeetako ordezkariek ebagi dabe errosko erraldoiaren lehenengo zatia. Besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Nekane Alonso zinegotzia eta Mario Izeta Bilboko gotzaina egon dira ekitaldi berezi horretan. Ondoren, 3.000 zati baino gehiago banatu ditue bertaratutako herritarren artean.

Opil zatia eta edalontzi bat txokolate bero, euro banatan emon dabe. Holan, diru-bilketa solidarioa egin ahal izan dau Bizkaiko Caritasek. Alkarte horrek umeei laguntzeko daukan programara bideratuko dabe batutako diru guzti-guztia.

Prestakuntza berezia behar izan dau opil solidarioak, euki dauen tamainua dala eta. Bizkaiko Okinen Alkarteko hamar boluntario eta Lapiko Catering enpresako beste horrenbeste ibili dira erroskoa egiten. Horretarako, 250 kilo urun, 100 dozena arrautza eta 30 kilo fruta erabili ditue. Errezeta tradizionaleko opila izan da baina, hori bai, zeliakoentzat aproposa. 

Caritaseko boluntarioak ibili dira ekimen solidarioko antolakuntzeak behar izan dauen guztia egiten: Espazioa egokitu, zatiak jenteari banatu, diru-bilketea egin eta abar. Plaza Barrian ipini daben mahaia be, familientzako Caritasen programako parte-hartzaileek apaindu dabe.

Osorik irakurri