Nanga Parbateko Lehen Kanpalekuan beharrean dabilz dagoeneko Alex Txikon eta taldekideak

Nanga Parbat mendia (8.126 m) neguan lehenengoz igoteko proiektua martxa onean doala dirudi, Alex Txikon mendizaleak Himalaiatik bialdutako informazinoaren arabera. Ali Sadpara eta Daniele Nardi taldekideakaz batera, Lehen Kanpalekura heldu dira eta gaua bertan pasau dabe. Behe Kanpalekutik materiala igoten be ibili dira aurreko egunetan eta, beraz, ondo horniduta dagoz.

Behe Kanpalekua 4.200 metroko altueran dago eta Lehen Kanpalekua, 4.850 metroan. Txikonek eta taldekideek Diamir isurialdetik igongo dabe Nanga Parbat, igazko ahalegina egin eben lekutik. Gabonzahar eguna Behe Kanpalekuan pasau eben eta ondorengo egunak emonkorrak izan dirala dinoe espedizinokideek. Gitxienez 70 kilo material igotea lortu dabe Lehen Kanpalekuraino.

Lan gogorra baina arrakastatsua izan da hori. Aurretik doan espedizino batek arrastoa zabaldu dau glaziarraren morrenaraino, baina hortik aurrera ez. Halandabe, igazko esperientziatik ikasi dabe Txikonek eta konpainiak eta lerak eta erraketak erabili ditue materiala igoteko. Horrek edur sakonean egin beharreko lana erraztu deutse.

Zamalana egin ez eze, Lehen Kanpalekura egokitzeko saioak be egin ahal izan ditue Txikonek, Nardik eta Sadparak. Ganera, gaua bertan pasau dabe. Mendizaleek ikusi ahal izan dabenez, Nanga Parbateko horma garai eta tenteenetan igaz baino edur gitxiago dago, eta izoztuago dagoz. Hartara, estrategia baldintza horreetara egokitu beharko dabe.

Karakorumeko K2 eta Nanga Parbat dira neguan inork igon ezin izan dituan zortzimilako mendi bakarrak gaur egun. Alex Txikonek begiz jota dauka Nanga Parbat. Igaz tontorrera heltzeko zorian egon zan eta aurten, igazko taldekide berberakaz, helburua beteteko asmoz bueltau da Pakistanera. Horretarako, aklimatazinorako espedizino berezia egin eban Argentinako Andeetara eta Gabon aurretxuan Himalaiara heldu zan.

Osorik irakurri