Umeen Gabonetako Parkera 240.000 bisitari joan dira aurten

Behin Gabonak pasauta, balantzea egin dabe Barakaldoko BEC erakustazokako PIN edo Umeen Gabonetako Parkeko antolatzaileek. Igazko zifren antzekoak izan dira aurtegoak. Eguraldiak asko baldintzatu dau bisitarien joan-etorria, izan be, alde handia egon da egun euritsuen eta eguzkitsuen artean.

Antolatzaileek azaldu dabenez, aurtengo abendu amaieran eta urtarril hasieran ezohiko klimatologia egon da, normalean baino giro epel eta sikuagoagaz. Eguraldi hori ez da aproposa bisitariak Gabonetako Parkera erakarteko. Horregaitik, euria eta hotza egon diran egunak askoz jentetsuagoak izan dira ganerakoak baino.

Abenduaren 17an zabaldu zan aurtengo Gabonetako Parkea, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gidatutako ekitaldiagaz. Urtarrilaren 5era arte egon dira zabalik BECeko ateak.

Bisitari gehienak azken astean joan dira BECera. Jatorriz, gehienak bizkaitarrak izan dira, baina inguruko lurraldeetako asko be egon dira, adibidez Gipuzkoa, Araba eta Kantabriakoak. Guztira, 240.763 persona egon dirala kalkulau dabe, igazko zifrearen pare.

Aurten, Umeen Gabonetako Parkearen 51. edizinoa izan da eta 65 postu egon dira, enpresa, erakunde publiko, kultur alkarte eta hedabideek ipinitakoak. Era askotako denpora-pasak topau ditue bertaratutakoek, batzuk tradizionalak eta beste batzuk barritzaileagoak. Bizkaiko izotz-pistarik handiena egon da BECen.

Igazko edizinoan, 50.ean, martxan ipinitako Gurasoen Gaua barriro egin dabe aurtengoan. Igazkoa arrakastatsua izan zan eta, aurten, barriro be aita eta ama ugarik parte hartu dabe, antolatzaileen esanetan.

Osorik irakurri