Aiko Taldeak Dantzakantu ipiniko dau martxan, beti-betiko melodien inguruko ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 8a, 00:00

Urtarrilaren 11n hasita, astelehenero emongo dabe Dantzakantu ikastaroa Bilboko Bizkaia Aretoan, bagilera arte. Melodia tradizionaletako doinuak kantetan ikasi eta zelan jantzatu ikasteko kursoa izango dala aurreratu dau Aiko Taldeak. Euskal Herriko ahozko ondarean aditua dan Itsaso Arrietak gidatuko ditu saioak.

Jantza tradizionala aztertu eta zabaltzeko helburuagaz dabil lanean urteotan Aiko Taldea. Holan, Dantzakantuz ibilbide horretako beste pausu bat da. Ikastaroko parte-hartzaileak ez dira musikearen erritmoan mobiduko, euren ahotsaren erritmoan baino, izan be, kanta tradizionalak abesten eta doinu horreek jantzatzen erakutsiko deutsie.

Musika tresnen behar barik, jantza tradizionalagaz esperimentetea da asmoa, Euskal Herriko doinu tradizionalak ikasi, ulertu eta gozetako. Estilo askotako doinuak landuko dira, esaterako bertsoak, koplak, baladak, jantzatutako abestiak eta abestutako jantzak.

Lantzen dan abesti bakotxa bere testuinguruan kokatuko dau Itxaso Arrieta irakasleak eta doinuaren nondik norakoak aztertuko ditu, jatorriari eta esanahiari jagokonez. Alkarregaz abestuko ditue kantak eta zelan jantzatu ikasiko dabe. Ikastaroaren amaieran erromeria abestua egiteko asmoa daukie antolatzaileek.

Ikastaroa urtarrilaren 11n hasiko da eta, bagilera arte, astelehen guztietan ordubeteko saioak egongo dira, EHUk Bilboko Abandoibarra auzoan daukan Bizkaia Aretoan. Matrikulea 100 eurokoa izango da, baina urtarrileko klaseak dobakoak izango dira.

Osorik irakurri