Cristina Iglesias eskultoreak jasoko dau Urrezko Tanborra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 8a, 00:00

Ohikoa dan legez, San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, jasoko dau Urrezko Tanborra Cristina Iglesiasek. Eneko Goia alkateak jakinarazo dauenez, Donostia Europako Kultur Uriburu dan urte honetan argi egoan Iglesias lako artista batek bere uriaren autorpena jaso behar ebala. Goiak azaldu dau Iglesias eskulturearen erreferentzia handienetako bat dala, eta orain dala gitxi Espainiako Arte Ederren Urrezko Dominea emon deutsiela gogorarazo dau.

1956. urtean jaio zan Iglesias, Donostian. Zientzia Kimikoak ikasi zituan EHUn (1976-1978) eta Bartzelonan keramikearen eta marrazkiaren munduan esperientzia labur baten ostean, arteagazko zaletasunak Chelseako Arte Eskolara eroan eban, Londresera (1980-1982), eta han sartu zan buru-belarri eskulturearen arloan. Iglesiasek 1984an egin eban lehenengo erakusketea eta ordutik haren obrak munduan zehar ibili dira. Veneziako biurtekoan bitan izan da, Espainia ordezkatuz, eta nazinoarteko hainbat ekitalditan parte hartu dau.

Urrezko Tanborra Iglesiasi emoteko erabagia aho batez hartu dau Donostia Turismok, eta urtarrilaren 11n berretsiko dabe udalbatzarrean. Beste finalistak Woody Allen zinemagilea, Ricardo Darin aktorea, Richard Oribe kirolaria eta Alicia Amatriain jantzaria ziran.

Osorik irakurri