La Encartada museoa doban bisitau ahal izango da domekan, 9. urteurrena ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 8a, 00:00

Balmasedan dago La Encartada fabrika-museoa, izen bereko txapel-fabrikea egon zan lekuan. Museoaren 9. urteurrena ospatzeko, doban ikusi ahal izango dira bertako erakusketak domekan, hilak 10. Ganera, lau bisitaldi gidatu egongo dira.

2007ko urtarrilaren 10ean, Boinas La Encartada txapel-fabrika historikoko ateak barriro zabaldu ziran, museo bihurtuta. Era horretako lehenengo museoa izan zan Euskal Herrian. Goi mailako industria-moltsoa da lantegia eta barruan, txapelak egiteko erabilten zan makinaria originala gorde dabe. Prozesu industrialen nondik norakoak ezagutzeko aukerea emoten da, ondo jagondako materialari esker.

Era berean, sasoi bateko industriaren ezaugarriak ezagutu eta beharginen baldintzen barri izateko, langileen etxebizitza bloke bi, kaperea eta eskola izandako eraikina daukaz museoak. Balmasedako eta Bizkaiko ondare kultural eta industrialaren erakusgarri da, beraz. Gaur egun, BizkaiKOA erakunde publikoak dauka La Encartada fabrika-museoaren ardurea.

Martxan egon dan bederatzi urteotan, 93.000 bisitari euki ditu La Encartadak. Domekan, ganera, doban sartu ahal izango da. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte egongo da zabalik. Bisita gidatu bereziak 11etan, 12etan, ordubatetan eta ordubietan izango dira.

Bisitaldi gidatuetako lekuak mugatuak diranez, aurretiaz izena emotea komenidu dala dinoe museoko arduradunek. Horretarako, 94-680 07 78 telefono zenbakira deitu behar da, edo bestela, mezu elektronikoa bialdu laencartada@bizkaia.eus helbidera.

Osorik irakurri