Dock of the Bay, musikearen ganeko dokumentalen Donostiako jaialdia urtarrilaren 9tik 16ra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 8a, 00:00

Dock of the Bay musikearen ganeko dokumentalen Donostiako jaialdiak bederatzigarren edizinoa beteko dau aurten; nazinoarteko lehiaketearen barruan bederatzi film eta, lehiatik kanpo, sei lan gehiago ikusi ahal izango dira, besteak beste, David Truebak Fran Nixoni buruz eginiko filma edo Can’t stand losing you Police taldearen ganeko lanaren Estadu mailako estreinaldia izango dira.

Urtarrilaren 9tik 16ra egingo daben jaialdian, bestelako jarduerak be izango dira, besteak beste, kontzertuak, erakusketa bat, musika-dokumentalaren ganeko ikastegi bat eta hainbat publikazino; azken horreei jagokenez, Elefantes Rosas Serge Gainsbourgi buruz Felipe Cabrerizok idatzitako biografia izango da argitaratuko daben lehen lana.

Dock of the Bay jaialdiak nazinoarteko eta bertoko lanei begiratzen deutse eta, azken horreetatik, Sonido Pamplona Nafarroako uriburuan 80ko eta 90eko hamarkadetan sortu ziran taldeen ganean Beatriz Echeverriak eginiko dokumentala erakutsiko dabe, besteak beste.

Era berean, Don't Think I've Forgotten-Cambodia's Lost Rock and Roll lana, Cool cats Ben Webster eta Dexter Gordonek Danimarkan izandako bizipenen bildumea, Elliot Murphy eta Mavis Staplesen ganeko dokumentalak... Danetarik ikusi ahal izango da Gipuzkoako uriburuan.

Urtarrilaren 13an, Elliot Murphyk berak kontzertu akustikoa emongo dau, ganera, berari buruzko filmaren emonaldiaren ostean, eta, hilaren 15ean, Fran Nixonek kontzertua emongo dau Dabadaba aretoan. Amaitzeko, hilaren 16an, Sen Senrak be joko dau, leku berean, jaialdia zarratzeko ekitaldian.

Lehiatik kanpoko filmek, barriz, The Jamen, Janis Joplinen, Nina Simoneren eta Berlingo Harresia jausi osteko hamar urteetan Berlinen entzuten ziran taldeen musikea eroango dabe pantailara.

Horrezaz gan, Can’t stand losing you The Police talde mitikoaren ganeko dokumentala be eskainiko dabe, euskal zinema-aretoetan lehenengoz, izan be, 2013koa izan arren, orain arte ez dau banatzailerik izan lan horrek. Era berean, Salir de casa David Truebak Fran Nixon asturiar musikariari eginiko omenaldia estreinauko dabe.

Ingrid Guardiola, Cintia Gil, Jordi Costa, Javier Rebollo eta Felipe Cabrerizo epaimahaikideek hiru sari banatuko ditue: dokumental onenaren saria (2.000 euro), Sade saria (1.000 euro) eta publikoaren saria.

Osorik irakurri