Urtarrilaren 10ean hasi eta apirilaren 10era bitartean, Zuberoako dozena bat herritan ibiliko dira Sohütako herritarrak maskaradearen 2016ko ekitaldian. Lantalde gazte baten buru, Battitta Berrogain eta Alain Guimon izango dira errejenta edo zuzendariak.
2003an antolatu zituan azken aldiz Sohütak maskaradak (igaz Idauze-Mendi izan zan antolatzaile). Oraingoan, batez be Hoki auzoko gazteek hartuko dabe protagonismoa. Izan be, maskaradetako kargu nagusiak beteteko euskeraz jakitea beharrezkoa da eta Hoki da Sohütako ingururik euskaldunena. Mila biztanle pasautxu daukaz Sohüta udalerriak baina askok ez dakie euskeraz.
Lantalde gaztea batu dabe maskaradetarako aurten, Battitta Berrogain eta Alain Guimon errejenten aginduetara. Ganera, aitagarria da parte-hartzaileen artean emakumeak gehiago dirala gizonak baino. Ohiko moduan, goizean goiz hasiko dira maskaradako kideak herrietako kaleetan euren gorabeherak antzezten. Umorea eta ondo pasetako gogoa ardatz izango ditue tradizino luzeko ekitaldi honetan.
Domekan, urtarrilaren 10ean izango da aurtengo lehenengo emonaldia. Betiko moduan, maskaradak antolatu dituan herrian, kasu honetan Sohütan, izango da estraineko saioa. Azkena be, apirilaren 10ekoa, Sohütan bertan egingo dabe. Tartean bisitauko ditue: Ezpeize (urtarrilak 17), Muskildi (24), Iruri (31), Maule-Lextarre (zezeilak 7), Urdiñarbe (14), Arrokiaga (28), Mitikile (martiak 6), Idauze (13), Santa Grazi (20), Barkoxe (27) eta Aloze (apirilak 3).