Azkenean, Kinshofer bidean gora egingo dabe Txikonek eta lagunek

Duda eta deliberazino orduak izan dira Alex Txikon buru dauen taldearentzat. Baina, azkenean, hasierako planera itzulita, Nanga Parbati bere bide arruntetik (Kinshofer bidetik) heltzea izango dala egokiena ebatzi dabe, nahiz eta aurten itxura benetan eskasa izan: igaz baino askoz biluziago, izoztuago agiri dalako. Beraz, beste alternatibak behin betiko baztertuta, dagoeneko lau egunerako zabalduko dan eguraldi oneko leihoa aprobetxauko dabe gure sokakideek bere lerroa gitxienez 2, kanpalekura arte (6.100m) finkatzeko.

Joan dan urtarrilaren 5ean jakin genduanez, hiru eskalatzaileak birritan igon eben 1. Kanpalekura (4.800 bat metrora; igazko 1. K 5.050 m. baino bajuago eta edur-jausi nahiz edur pilaketei begira seguruagoa) bertan material gehiago itxi eta gaua pasetako. Orduko haretan ez eben publiko egin, ostera, hurrengo goizean Txikonek, Sadparak eta Nardik glaziarrean gora hainbat metro igon zituela, Mummery Ridge-rantz, bidearen egoerea, behekaldeko arrakalak eta goikaldetik agiri diran serac fronteak bertatik bertara aztertzeko asmoz. Bi orduko saio laburra izan zan, 5.200 metrora artekoa, ondoren 1 Kanpalekura eta Beheko Kanpalekura itzultzeko. Eta hor ibili dira aurrerantzean zer egin erabagiten.

Mummery Ridge dalakoa da zenbait orduz buruan izan daben B plana, Kinshofer bidearen aurtengo baldintza gogor eta teknikoen aurreko alternatibea: izan be, batez be 5.100 metrotik Kinshofer hormearen oinarriraino doan kanala izotz biziko aldatz gogorra da aurten, 2015eko neguan baino gogorragoa. Daniele Nardik ondo ikasia dauka Mummery Ridge, hiru urtez saiatu da hau eskaletan, eta horregaitik pentsau eben aukera ona izan eikeala.

Dana dala, igaz irabazitako esperientzia nagusitu da, baita Kinshofer bideak hiru eskalatzaileen ustez eskaintzen dauen segurtasun maila handiagoa be.

Kontuak kontu, dagoeneko 2. Kanpalakura bidean (6.100m) dagoz. Momentuz, janaria, gasa, materiala eta, batez be, 1.800 metro soka ditue 1. Kanpalekuan (4.800m).

Aurreikuspenen arabera, eguraldi ederra izango dabe lau egunez, gogor lan egiteko.

Osorik irakurri