David Bowie abeslari britainiarra hil da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 11a, 00:00

Disko barria aurkeztu eta egun gitxira hil da David Bowie kantari ingelesa, 69 urtegaz. Haren seme Duncan Jonesek jakitera emon dauenez, minbizia euki dau Bowiek. 1970eko hamarkadatik aurrera, eragin handia euki eban musikearen jokera barrietan. Estilo musikal barritzailea eta estetika kamaleonikoa izan ziran Bowieren ezaugarri nagusiak.

1947ko urtarrilaren 8an jaio zan David Bowie, Londreseko Brixton auzoan. David Robert Jones zan bere jatorrizko izena. Txikitatik musikarako gaitasuna euki eban. Artea, musikea eta diseinua ikasi zituan. 1960ko hamarkadan hasi zan musikearen munduan sartzen eta, jazzaren eraginpean, rock and rolla joten hasi zan, The Konrads eta King Bees moduko taldeetan. Arrakasta handirik ez ebanez lortu, bakarkako ibilbideari ekin eutsan eta 1967an lortu eban ospea, David Bowie izeneko disko pop eta psikodelikoagaz.

David Bowieren kanta ezagunenetako batzuk dira Space Oddity, Fame, Let´s Dance, Heroes eta Rebel. Idatzitako letrek eta kantetako modu bereziak emon eutsien ospea, eta haren 140 miloe disko saldu dirala kalkuletan da. Baina aktore, margolari eta produktore be ibili zan. Musika-tresna ugari be joten zituan.

Joan dan astean, bere 69. urtebetetze egunean, Blackstar diskoa argitaratu eban. Bowieren ibilbide oparoko estudioko 25. diskoa da hori. Aurreko diskoa be, The Next Day, bere urtebetetze egunean plazaratu eban, 2013an.

Blackstar lana argitaratu barri, baina, David Bowie hil egin da, haren seme Duncan Jonesek emon dauen informazinoaren arabera. Jonesek zehaztu dauenez, Bowiek orain dala 18 hiletik eukan minbizia.

Osorik irakurri