Piraguismoan, kayakeko K1 modalidadean ibilten da Maialen Chourraut (Lasarte-Oria, 1983). Londresen, 2012ko Joko Olinpikoetan brontzezko dominea irabazi eban, Munduko Txapelketako podiumean egon da bi aldiz eta Europako Txapelketan urrezko dominea irabazi eban 2015ean. Udan Rio de Janeiron egoteko lehian dabil eta txartela lortuko baleu, hirugarren Joko Olinpikoak izango litzatekez Chourrautentzat. Gaur egun La Seu d´Urgell herrian bizi da, Katalunian. Haren kirol ibilbidea gogoan hartuta, Urteko Kirolari Onena izentau dau Gipuzkoako prentsak oraintsu, eta Sabino Arana Saria emongo deutso izen bereko fundazinoak, urtarrilaren 31n Bilbon egingo dan ekitaldian.
1.- Sari ugari jasoten zabilz azkenaldion, kirol arloan be emoitza onak lortzen zabilz. Zure ibilbideko une gorenean ikusten dozu zeure burua?
Une gorenean agian ez, baina emoitzak ikusita garbi dago momentu onean nagoela. Rioko Jokoei begira preparau dot dana, ziklo olinpikoagaz bat, eta espero dot nire une gorena abuztuan izatea. 2015ean ondo ibili naz lehian, gustura sentidu naz eta hori emoitzetan igarri da. Domina asko irabazi dodaz txapelketetan eta, orokorrean, denpora onak lortu dodaz.
2.- Zelako prestakuntzea egingo dozu datozan hileotan, Rioko Jokoak heldu arte?
Prestakuntza horretan momentu garrantzitsuena martian etorriko da. Izan be, Rioko Jokoetarako lekua ziurtauta dauka gure taldeak, baina oraindino ez da nirea, plaza bakarra dalako eta ze taldekide joango dan erabagiteko dagoalako. Martiaren lehenengo hamabostaldian egingo doguz sailkapen probak, gutako nor doan jakiteko. Lehenengo La Seu d´Urgellen eta gero Pauen ibiliko gara lehian. Hiru edo lau neska gagoz burruka horretan, espero dot Riorako txartela lortzea. Oraingoz martiko proba horreetan daukat burua eta horren ostean, Jokoetan egoteko aukerea lortzen badot, gogor hasiko naz Riorako entrenetan.
3.- Zuk badakizu zer dan domina olinpikoa lortzea, Londresen 2012an brontzezkoa irabazi zenduan eta. Rion hori hobetzeko helburua izango dozu?
Bai, nire lehen helburua da Riora joatea urrezko dominea irabazteko lehiatzera.
4.- Orain dala lau urte, Londresen, brontzezko dominea irabazi zenduan, oso gitxiren esku dagoan lorpena. Zer sentidu zenduan podiumean?
Podiumera igotea pozgarria izan zan. Autortu behar dot momentu haretan bertan, tristurea be sentidu nebala, urrezko dominea irabazteko behar egin nebalako eta hur egon nintzalako. Tristura puntu hori euki neban baina segiduan pasau zan. Denporeak aurrera egin ahala ikusten dot aukera ederra euki nebala urrezko dominea irabazteko, azkenean brontzezkoa ekarri neban eta hori be gauza handia da.
5.- Riotik harago begiratuta, noz arteko indarra daukazula sumatzen dozu, goi mailako kirolean segiduteko?
Ez dakit noz arte egongo nazen honetan, baina hurrengo ziklo olinpikoa interesgarria dala ikusten dot. Munduko txapelketea Pauen izango da 2017an, Donostia eta Seu artean dagoan uria, sarri joaten gara hara entrenamenduetara. Munduko txapelketa horretan egon nahi neuke eta, gero, 2019an, urte aurreolinpiarrean, munduko txapelketea La Seu d´Urgellen izango da, etxe alboan daukadan entrenetako lekuan. Munduko txapelketa bat etxean egitea polita da. Behin han egonda, Joko Olinpikoak berehala datoz, 2020an, orduan ez dakit noz arte egongo nazen, denporalditxu batez segiduko dodala badakit eta hurrengo ziklo olinpikoa polita datorrela be bai.
6.- Piraguismoaren barruan, K1 da zure modalidadea. Zer esan nahi dau horrek?
Piraguismoaren barruan, gure disziplinea eslaloma da eta horren barruan K1, C1 eta C2 dagoz. K hori kayak berbatik dator eta C kanoatik. Piraguistak belauniko doaz kanoan eta kayakean, jesarrita. Ganera, kayakeko arraunak pala edo koilara bi daukaz, kanoakoaren bakarraren aldean. Orduan, C1 da kanoa arraunlari bakarragaz, C2 kanoa bikoteka eta K1, nirea, kayaka.
7.- Piraguista ona izateko, ze ezaugarri behar dira?
Danetarik apur bat euki behar da: Indarra, trebetasuna eta esperientzia. Niri esperientziak asko lagundu deust, lehiatzeko orduan. Niri lehiatzea beti kostau izan jat apur bat eta urteakaz gero eta errazagoa egiten jat.
8.- Zergatik eta zelan hasi zinan kirol honetan?
Ikastaro batzuk egin nituan Donostiako Kontxan, hamaika urtegaz, Atletico San Sebastian klubak antolatuta. Asko gustau jatan, hurrengo urtean barriro apuntau nintzan eta bertan geratu nintzan, ze klubean piraguismoko atala egoan. Urte guztian eurakaz egoteko proposamena egin eustien eta, zer zan be oso ondo jakin barik, han sartu nintzan. Oso giro polita egoan, egia esan. Engantxau egin nintzan, apurka guri teknikea irakasten joan ziran. Ni oso gustura ibili nintzan.
9.- Modu profesionalean lehian hasi zinanetik, arraun egiteko zure modua aldatu egin da? Garapenik euki dozu?
Bai, batez be piraguan ibilteko moduan, estiloan. Urte asko pasau dira eta nik, persona eta kirolari moduan, garapen bat euki dot. Entrenetako modua asko aldatu dot, 17 urtegaz neukazan beharrak eta orain daukadazanak ez diralako bardinak. Hasikera baten oinarriak hartzen ibili nintzan eta, gero, denporeagaz, hori garatzen. Urari beti euki deutsat bildurra eta hori be lantzen joan naz, uretan eroso egoteko eta seguru sentiduteko.
10.- Urari ikarea, dinozu? Zurea moduko kirol baten ez da kontu makala hori...
Bai, bildurra, edo errespetua behintzat bai. Momentu batzuk badagoz, piragua iraulita geratzen danean adibidez, burua ur azpian daukazu eta hori inori ez jako gustetan. Orientetea gatxa da momentu horretan. Buelta emotea baino ez da kontua, baina errespetua emoten dau.
11.- Urte biko alaba bat daukazu. Goi mailako kirolagaz zelan buztartzen dozu ama izatea?
Denporea antolatzeko modua erabat aldatu behar izan dot. Lehen, eguneko 24 orduetan piraguismoa nerabilen buruan eta orain banatu egiten dot denpora hori, piraguismoaren eta alabearen artean. Nik piraguista eta ama izan nahi neban, hori zelan egin ondo jakin barik, baina apurka gauza biak aurrera ataraten joan naz.
12.- Umea jaio eta gitxira lehiatzen hasi zinan, adorea eta indarra behar dira horretarako...
Bai, eta gogoa batez be. Umea [2013ko] bagilean euki neban eta irailean Munduko Txapelketa jokatzekoa zanez, ahalegindu nahi neban bertan parte hartzen. Erdibidean Espainiako txapelketea geunkan eta han parte hartu bai baina gero ikusi neban apur bat arriskutsua zala horren arin goi mailan hastea. Azken momentuan atzera egin baina entrenamenduakaz aurrera segidu neban. Hasikeratik gogotsu egon nintzan. Zorionez, umea beti oso formala izan da eta gauzak erraz euki dodaz.
13.- Zuk parte hartzen dozun txapelketetara be eroaten dozue alabea, ezta?
Bai, nik leku guztietara eroan nahi dot. Hau errepetiduten ez dan esperientzia bat da eta lehenengo urteak oso politak dira umeagaz biziteko.
14.- Piraguismoa ez da oso kirol ezaguna. Zuk, emoitza bikainak lortu dozuzan arren, sentiduten dozu babes faltea?
Emoitzak etorten diranean babestuago gagoz, emoitza onak izanda ondo bizi leiteke piraguismotik. Gatxena da emoitza horreek urterik urte ataraten ibili beharra, Munduko Txapelketan lortzen dan emoitzearen arabera babes gehiago edo gitxiago eukiten da. Urtero kontu bardina da, baina badakigu holan antolatuta dagoana. Ganera, nik babes handia sentiduten dot BAT Basque Team-en partetik. Fundazino horrek asko lagundu izan deust betidanik, Gipuzkoako Diputazinoak be bai, UCAM Murtziako unibersidadea ahaztu barik. Espainiako Batzorde Olinpikoan, bestetik, erispide batzuk dagoz laguntzinoa emoteko. Munduko Txapelketako eta Joko Olinpikoetako emoitzen arabera, beka on bat lortu zeinke Batzorde Olinpikotik. Ni horreek bekak lortzen joan naz eta honetatik biziteko moduan egon naz orain arte.
Ganera, amatasunaren kontuan asko lagundu deustie, alde guztietatik babestu nabe. Oso eskertzekoa da, ze ama izan baino lehen ez nekian niri laguntzen segiduko ete eben. Federazinoak, Batzorde Olinpikoak, UCAMek, Basque Teamek, askok babestu nabe.
15.- Kataluniara joan zinan bizi izatera, La Seu d´Urgell herrira, baldintza hobeak daukazuz han entrenetako?
Bai, Kataluniako baldintzak ezin hobeak dira. Euskal Herrian ez daukagu eslaloma praktiketako instalazinorik eta sasoi baten furgoneteagaz gora eta behera ibili behar izaten genduan, kilometro asko egin behar genduzan eta Seura askotan etorten ginan, hilean bitan edo. La Seu d´Urgellen Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetako kanala dago. Herrian bertan dago kanala, orain etxetik urten eta minutu bira daukat. Lasarten biziko banintz, ibai on batera entrenetan joateko kanpora joan beharko neuke, ordu bi edo ordu bi eta erdiko biajean. Saio bat egiteko bost ordu autoan sartzea larregi da, gauzak ondo egiteko apustua egin behar izan neban eta hauxe da nire apustua, Kataluniara etortea.
16.- Euskal Herrian piraguismoaren etorkizuna zelakoa da?
Gazte on asko dagoz, piraguista onak dira. Badirudi Euskal Herrian helburu bat ipinten dugunean buru-belarri ekiten deutsagula, ze eslalomean gaur egun ze maila dagoan ikustea izugarria da. Ander Elosegi, Irati Goikoetxea,... piraguista on asko dagoz. Eskolatik eta beheko kategorietatik oso maila ona dakarre eta emoitzak begibistan dagoz.
17.- Gaur egun horrenbeste euskal piraguista on egotea, zuk eredua sortu dozulako izan da?
Nik uste betidanik egon dirala gazteak honetan. Uste dot nire ereduak balio izan dauela gazteek sinisteko dominak lortu leikiezala. Juniorrek sekulako lezinoak emoten deuskuez senior taldekooi. Europako eta Munduko txapelketetara joaten diranean dominaz beteta etorten dira. Guk eurei erakutsi eta eurek guri erakusten deuskue.