Bilboko Euskalduna Jauregiko Gabonetako programazinoak 35.000 ikusle erakarri ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 12a, 08:00

Abenduaren 12tik urtarrilaren 10era bitartean, 31 emonaldi egon dira Euskalduna Jauregian. Horreetatik hamaikatan, sarrera guztiak saldu dira. Guztira, ia-ia 35.000 ikusle joan dira antzoki horretara eta 735.000 euro batu dira. Ganera, DreamWorks produktorearen lanei buruzko erakusketea dago Euskaldunan, zezeilaren 14ra arte.

Gabonetako programazino berezia abenduaren 12an hasi zan, Beltxargen aintzirea ikuskizun ezagunaren lehenengo emonaldiagaz. Jantza klasikoko ikuskizun horren emonaldi bi egon dira Gabonetan Euskaldunan. Hain zuzen be, hori izan da errekaudazinorik handiena lortu dauen ekimena (86.500 euro). Zartzuelearen historia batzen dauen ikuskizuna izan da diru gehien batu dabenen artean bigarrena (72.000 euro).

Gabonaldiko egunik jentetsuena abenduaren 20a izan zan. Egun horretan, 3.700 lagun hurreratu ziran Bilboko Udal Bandearen, Bilboko Txistularien eta Mississippi Gospel Choir-en emonadiak entzuten. Hamaika emonalditan sarrera guztiak saldu dira. Orkestren saioetan (EGO, txistulariena eta Udalarena) eta umeentzako ikuskizunetan agortu dira sarrerak.

Guztira, beraz, 35.000 ikusle egon dira Euskaldunan Gabonetako sasoian, eta 735.000 euro itxi ditue leihatilan. Gabonetan ikusgai egon dan erakusketea, Lights izenekoa, oraindino bisitau leiteke, zezeilaren 14ra arte zabalik egongo da eta. Erakusketa hori, DreamWorks zinema-produktorearen sorkuntzen ingurukoa da.

Osorik irakurri