'Monsieur de Pourceaugnac' komedia-balleta Bilboko Arriaga antzokian, hilaren 17 eta 18an

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko urt. 12a, 00:00

Moliere idazle frantses ezagunak 1669an sortutako piezea da Monsieur de Pourceaugnac. Gaur egun gitxitan antzezten dan ikuskizuna Les Arts Florissants jantza-taldeak eroango dau Arriaga antzokiko oholtzara urtarrilaren 17 eta 18an, William Christie zuzendari dala. Obrearen bersino honen erabateko estreinaldia orain dala hilabete eskas egin zan, Caen urian.

Jantzea, komedia, antzerkia eta musikea buztartzen ditu Monsieur de Pourceaugnacek. Molierek Luis XIV.a erregearentzat sortutako obrea komedia ilun eta krudela da. Jean-Baptiste Lully-k ipini eutsan musikea ikuskizunari eta 1669an estreinau zan, Chamborden. Edozelan be, gitxitan antzezten dan obrea da.

Bilbon ikusiko dan bersinoa abenduaren 17an estreinau zan, Frantzia iparraldeko Caen urian. Les Arts Florissants arduratu da Moliereren lana barriro oholtzara eroateaz. Musika barrokoaren aldiko obrak lantzen ditu talde horrek eta mundu zabalean arrakastea lortu dau. Antxinako musika-tresnak joten ditue, ganera. CICT erakundea eta Theatre des Bouffes du Nord dira Bilbon ikusiko dan obrako produktoreak.

Les Arts Florissantsen lantaldea zuzentzen, William Christie ibiliko da. Musikan aditua eta orkestra zuzendaria da bera eta, ganera, klabea joteaz arduratzen da. Eszena zuzendaria, ostera, Clement Hervieu-Leger izango da, Frantziako antzerkigintzako erreferenteetako bat.

Bilbon emonaldi bi egingo ditu Les Arts Florissantsek Moliereren komedia-balletagaz. Domekan, hilak 17, arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa eta astelehenean, hilak 18, 20:00etan. Sarrerak 12 eta 42 euro artean dagoz salgai, Arriagako txarteldegian, internetez zein telefonoz (946 850 850).

Osorik irakurri